Egongela erdian, funtzioa

Gasteizko lau antzerki konpainiak etxerik etxe eraman dute ikuskizuna; saio bakoitzean hamar lagunek etxe barruko ametsak, tragediak, algarak gertutik ezagutu dituzte.

Anakoz Amenabar.
Gasteiz
2010eko urriaren 6a
00:00
Entzun
Principal antzokian bilduko dira, baina oraingoan antzerkia ez da barruan izango. Hiriko hainbat etxeetara bidaia egingo duen autobusa zain dago antzoki parean, Txubio Jauregi aktorea bisitaren gidari dela. Ikusleek ez dakite nora eramango dituzten, ezustekoz betetako arratsaldea izango baita; Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren barruan hiriko lau konpainiak prestatutako bidaia magikoa da Hiri Bestiarioa.

Saio bakoitzean hamar lagunek baino ez dute bidaiaz gozatzeko aukera. Autobusean bertan murgildu dira antzezlanean. «Errealitatea eta fikzioaren arteko begirada eman nahi diogu autobusean bertan hasita. Partaideen jakingura piztea da nire betebeharra, inguruan dugunari adi-adi», azaldu du Jauregik, bisitariei Gasteizko kaleen inguruko bitxikeriak kontatu bitartean.

Monstrenko Kolektiboa, Sleepwalk Collective, Zanguango eta Kukubazar taldeetako kideek egingo diete ongietorria hiru etxebizitzatan. Frantzia kalean da lehendabiziko geldialdia; hango etxebizitza batean, ametsen mundura jauzi egingo dute bisitariek. Denak ohe inguruan isilik, protagonistaren ametsetan murgiltzeko garaia da. Protagonistaren amonaren istorioetara eta 1974ko martxoaren 3ko gertakarietara eramango ditu bertako antzezlanak.

Bigarren etxebizitzan bainuontzian etzanda dagoen marinel bat topatuko dute bisitariek, eta urtebetetze festa berezi bat aurkituko dute hirugarrenean. «Antzerkia ulertzeko ikuspuntu desberdinak dira, eta, horregatik, bisitariak egitura desberdina aurkituko du etxebizitza bakoitzean», aipatu du Jauregik.

Ikusleak partaide

Bisitariek ez zekiten zer topatuko zuten, eta ezusteko bidaia izan da denontzat. «Etxebizitza bakoitzean lortu duten giroa benetan bikaina iruditu zait. Eta, bestalde, beste norbaiten bizitzan sartzeko aukera izatea, bitxia benetan», dio Ainara Hernandez bisitariak. «Sekula ez zitzaidan gertatu antzezlan batetik aktoreek, amaieran, ikusleak kaleratzea, eta hala gertatu da». Izan ere, urtebetetze festak inork imajinatzen ez duen amaiera du. Hori, ordea, ikusi beharra dago.

Bisitariak pozik eta aktoreak ere gustura geratu dira bizi izandako esperientziarekin. «Oso pozik gaude, uste genuena baino harrera beroagoa izan baitu ikuskizunak», dio Begoña Martin aktoreak. Aktoreen beraien etxebizitzetan egin dituzte antzezlanak, orain arteko esperientziarik bitxienetako batean: «Desberdina da erabat ikusleen jarrera, jarrera aktiboa dutelako. Ez daude besaulkian eroso eserita, eta horrek ezustekorako aukera asko ematen ditu».

Aurtengo saioetarako ez da sarrerarik jada, baina esperientzia errepikatzeko asmoa dute. «Beste hiri batzuetara ere eramaten saiatuko gara. Nork daki, hoteletara beharbada», dio Jauregik. Bien bitartean, Gasteizko Antzerki Jaialdiak aurrera darrai. Besteak beste, Mario Gas, Claudio Tolcachir, Els Joglars, Markeliñe eta Tanttakaren lanak ikusi ahal izango dira. Principal antzoki barruan horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.