Etxeko egongela ere sorkuntza lanak erakusteko espazio bilakatzea. Hori da La cosa en casa (Zera bat etxean) izeneko egitasmoaren helburua. Maia Villot eta Isaak Erdoiza antolatzaileek eman dute azalpena: «Artista eta ikuslea elkarrengana hurbildu nahi ditugu, eta haien arteko komunikazioa erraztu nahi dugu. Normalean bien artean egoten den distantzia lausotzea da gure asmoa». Horregatik hautatu dituzte etxeak, eta ez antzokiak. Egongelen metro koadroak ez dira museo edo bestelako guneen neurrikoak, eta, kasik, ezinbestekoa da intimitatea. Mugatua da espazioa, baita parte har dezakeen jende kopurua ere; estua, harremana. Ostegunean hasi ziren ekitaldiak Bilbon, eta etxez etxe ibili dira geroztik. Piezaz pieza. Gaurkoa izango dute azken eguna.
Bartzelonan piztu zitzaion halako proiektu bat sortzeko ideia Villoti. Badira urteak La Estrategia doméstica izeneko egitasmoa martxan jarri zutela, eta parte hartzera gonbidatu zuten halako batean. Han ikusitakoa Bilbora ekarri du orain. «Oso hurbilekoa zen dena han, eta ikaragarri gustatu zitzaidan. Parte hartzaileen artean bazegoen giro berezi bat, eta publikoarekiko harremana ere oso gertukoa zen». Inportatu egin du ideia. «Gu ere saiatzen gara emanaldien ondoren ardo bat edan eta ikusleak eta sortzailea hizketan aritzeko tarte bat uzten».
Sortzailearen askatasuna dago proiektuaren oinarri-oinarrian. Libre aritzeko aukera ematen dio egongelak artistari. «Egitasmo honetan ikusten diren lanetariko asko ezin dira beste inongo espaziotan ikusi. Ez dituzte halako gehiegi programatzen antzoki edo museoetan. Iraupen eta ezaugarri zehatz batzuk bete behar izaten dituzte piezek halako guneetara sartu ahal izateko, eta gune horien beharrak ez dira beti izaten sortzaileak sentitzen dituen beharren araberakoak. Arte eszenikoetan iraupen bateko lanak aurkezten dira normalean taula gainean, eta arte plastikoen kasuan ere ezin izaten da lan bakarra erakutsi, erakusketa kolektibo batean ez bada. Gisa horretako lanak erakusteko aukera da gure egitasmoak ematen duena».
Hogei emanaldi antolatu dituzte guztira, lau egunetarako. Irabazi asmorik gabekoak denak, eta autofinantzatutakoak. Gailetak eta burkoak jarri dituzte salgai janari eta garraio gastuei aurre egin ahal izateko, baina hori izan da dena. «Ahalik eta erarik horizontalenean saiatu gara dena prestatzen; sare bat osatu nahi izan dugu». Eta artista askok bat egin dute ideia horrekin: Bea Setien, June Crespo, Mironyuk Viktoriya, Maia Villot, Nerea de Deigo, Iranzu Antona, Itxaso Corral, Alberto Sinpatron, Cristina Ortiz...
Diziplinartekotasuna
Diziplinartekotasunak batzen ditu sortzaile gehienak. Artista plastikoak dira batzuk, eta arte eszenikoen alorrean aritzen dira beste batzuk, baina alorren arteko bidegurutzeetan egiten dute topo gehienek. Horregatik hautatu zuten La cosa en casa izena egitasmoarentzat. Tituluko cosa hitz horregatik. Euskarazko zera hitzaren pareko horregatik. «Emanaldi batzuk ez dira dantza ikuskizunak, ezta performanceak ere, guztien tarteko zerbait baizik. Nola deskribatu ez dugu jakiten, eta gure artean ere zure zera deitzen diogu batak bestearen lanari. Erdi txantxetan, baina hitzaren esanahi lausoa primeran etorri zaigu egin nahi genuena deskribatzeko».
Luzea da etxea utzi dutenen zerrenda ere, eta Matxalen de Pedro izan da horietariko bat. Artista da hura, eta ez zaio zail egin proiektuarekin bat egitea. Artista gisa parte hartzeko asmoa ere bazuen hasiera batean, baina bestelako proiektu batean murgilduta dago, eta ezetz esan arren, azkenean, maizter izatea erabaki zuen. «Oso egitasmo polita iruditzen zait. Nire ustez, garrantzitsuena ez da nire etxean egin duten pieza zehatz hori gustatzen zaidan edo ez, baizik eta ikuslearen eta sortzailearen artean dagoen giro berezi hori. Oso aukera ederra da hau». Umoretik jo du gero: «Gainera, etxea txukundu eta garbitzeko aparteko aitzakia izan da jende ezezagunari nire etxera sartzeko gonbita egitea».
De Pedrok atez ate duen bizilagunak ere utzi du bere etxea. Izan ere, arrakastatsua izan da deialdia Villotek azaldu duenez. «Erabiltzeko hautatu ditugun baino etxe gehiago eskaini dizkigu jendeak». Ez da arazo handiegia, ordea. «Hurrengo urtean berriz egitekotan, ordurako gordeko ditugu. Sekulako inplikazioa izan du jendeak, eta eskerrak, Erdoiza eta nire artean bakarrik ezin izango genukeen hau guztia antolatu».
Topaketen garrantzia
Sorkuntza eta azpiegitura. Bi lanak hartu dituzte beren gain antolatzaileek. Noranahiko baten gisa aritu dira, eta sukaldari lanetan ere aritu dira. Ez da garrantzi gutxiko alorra, ordea. «Artista bakoitzari bere sorkuntza lana aurkezteko aukera eskaintzeaz gainera, topaketa moduko bat ere bada egitasmo hau», azaldu du Erdoizak. «Otorduetan izaten dugu batez ere elkarrekin egon, eta hitz egiteko aukera. Giro berezia sortzen da, eta egitasmoaren parte da hori ere».
Egitasmoari eman nahi dioten sare izaerarekin bat doa dena. Baita ikuslea ere. Hark ere modu aktiboan jokatu behar izan du sorkuntza lanen bat ikusi nahi izanez gero. Etxeetan bil daitekeen jende kopurua mugatua da, eta, horregatik, emanaldia egin aurreko egunean [email protected] helbidera idatzi behar izan dute bertan izan nahi zutenek. Ikuslea egitasmoan inplikatzeko modu bat izan da, Villoten hitzetan. Hunkitu ere egin da, aitortu duenez: «Iruditu zaigu jende talde txiki bat izan arren sor ditzakegula testuinguru artistiko interesgarriak. Topaketa da garrantzitsuena».
Egongelaren neurrira moldatutako artea
Artisten lanak Bilboko jendearen etxeetara eramaten dituzte 'La cosa en casa' proiektukoek; gaur da azken eguna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu