Maratila. Luzien Etxezaharreta

Eguberriko Merkatuak

2010eko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Umeen irri gozo eta inozentak garai hauetan azpimarratuko dira gure munduetan zehar, Ural mendietarik Vancouvereraino. Eta helduen gogoetan haurtasun hori gorde dugula eta kantarazi behar dugula, errepikatuko da, abenduko San Nikolasetik urtarrilaren 6a arte. Hilabete honetan, hargatik, ez da ahatzi behar garai hori merkatu gogorrenaren borroka leku bilakatzen dela. Urtean zehar mozkin zalantzazkoak egin dituzten hainbat saltokientzat une premiazkoa da. Baionako festetan ostatu batzuek egiten dutela urte osoko negozio kopurua aste batez jakina da. Hilabete hau, batzuentzat urte osoaren hazle da.

«Eguberriko Merkatua» Europa iparraldeko ohitura da, batez ere Elsaziatik datorrena eta denetara hedatu dena. Baionan ere badugu bat, dizdiratsua, hiriko gune ederrenean, bi ibaien bide kurutzean. Holako tokietan saltzen diren gauzak ez omen dira hain ongi kontrolatuak, batez ere salgai direnen jatorriak. Hori, horrelako ekitaldien antolatzaileak enpresa pribatuak direlako eta hauen lehen funtsa, ez duguna ahatzi behar, diruaren ateratzea dela, beren akzionistentzako. Hots, halako espirala batean gara berriro: erakunde publikoek, nola udalek, erakunde pribatuen meneko jartzen dituztela ekitaldi horik. Ez da beti hala, beharrik, eta herri ttikienak bere «Eguberriko Merkatua» antolatzen du aurten.

Haurtzaroaren festa, gure arbaso zaharren egun berri luzeagoen ospatzeko asmatu festa, komertzianten esku dugu. Baionako gotzaiak bere blogean eta internautekin alderantziz dio, alabaina. Jainkoaren bideak geldi litzaizkegu nekez ulergarriak. Eguberri On hala ere!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.