Jaiak. Euskal Jaiak Zarautzen

Egun handia, Euskal Jaiei amaiera emateko

Erromeriek hartuko dute biharko eguna Zarautzen; lehen Triki Air txapelketa egingo dute Putzuzulon

2012ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Euskal Jaietan darama aste osoaZarautzek (Gipuzkoa), eta biharkoa izango da egun nagusia. Goizean goiz hasi eta iluntzera arte, denetariko ekitaldiak izango dira, eta erromeriarik ez da faltako. Baserritar jantziak soinean, egun ederra izango dute bihar zarauztarrek eta bertara joaten direnek. Besteak beste, Alproja antzerki taldeak ikuskizuna eskainiko du goizean, urtero bezala. Eta, arratsaldean, Triki Air txapelketa bitxia egingo dute Putzuzulon, lehen aldiz.

Alproja antzerki taldeko kideak 11:30ean aterako dira kalera, eta kalejiran joango dira Munoa plazara. Han egingo dute aurtengo antzerkia; 2012 Munduaren amaiera izena du biharkoak. «Abenduaren 21erako munduaren amaiera dago iragarrita, eta horrekin jokatuko dugu», azaldu du taldeak. Parodia moduko bat egingo dute, Zarauzko jendeak munduaren amaiera datorrela jakinik hartuko dituen erabakiak antzeztuz. 36 aktorek parte hartuko dute ikuskizunean.

Arratsaldean, berriz, Munduko I. Triki Air txapelketa egingo dute Putzuzulo amets fabrikan. Trikitirik erabili gabe, trikitia jotzen ari balira bezala mugitu beharko dira parte hartzaileak, imajinazioa martxan jarrita. Air Guitar txapelketa euskal kulturara moldatu, eta bertsio propioa egin nahi izan dute, hala.

Erromeriak eta askoz gehiago

Goizean goizetik, euskal giroak hartuko du bihar Zarautz. Eta trikiti hotsik ez da faltako, egun osoan hainbat erromeria izango baitira. 08:30ean, txistulariek, trikitilariek, dultzaineroek eta Iturengo joaldunek kalejira egingo dute. 10:30eko meza amaitzean, berriz, pilota partidak, herri kirolak eta bertsolariak izango dira pilotaleku txikian.

Karrozak 12:30ean aterako dira parrokiatik. Kale Nagusitik, Gipuzkoa kaletik eta Zigordia kaletik pasatuko dira. Eta, eguerdian, erromeriak izango dira Musika plazan eta Lege Zaharraren enparantzan.

Arratsaldean jarraituko du jaiak. 17:30ean, Musika plazatik Iñurritzaraino kalejira egingo dute karrozekin, trikitilariekin, dultzaineroekin eta txistulariekin. Erromeria egingo dute han, arratsalde osoan, eta 20:30ean Musika plazara itzuliko dira, kalejiran. Bertan jarraituko du erromeriak.

Putzuzulo amets fabrikak ere prestatu du biharko egitaraua, eta hainbat ekitaldi egingo dituzte Triki Air txapelketaz gain. Hamaiketakoa egingo dute goizean, etxetik eramandako janariarekin. 15:00etan, berriz, herri bazkaria egingo dute. Tortilla, paella eta entsalada jango dituzte, horiek ere etxetik eramandako produktuekin eginak. Bazkalondoan, tripak ondo beteta, musikaz gozatzeko aukera izango da Putzuzulon, Street Boys Army taldearen kontzertuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.