Udak 93 egun eta hamabost ordu iraungo du. Atzo 13:28an hasi zen, udako solstizioan. Kristautasunak jentilen festak egokitzeko historian izandako esku-hartzeak direla eta, ospea San Joan gauak dauka, baina gaur egun gau laburrena ez da sua pizten denekoa, ekainaren 20tik 21erakoa baizik. Eguzki izpiek hamabost ordu inguruz argitu zuten eguna atzo, Euskal Herrian. Gaua, berriz, laburrena izan zen. Eta hori guztia ipar hemisferioan bizi garelako. Hego hemisferioan alderantziz gertatzen baita: gaua luzatu egiten da, eta eguna laburtu; eta udako solstizioa esan beharrean, neguko solstizioa esaten diote.
Lur planetak eguzkiarekiko duen kokapenak azaltzen du fenomenoa. Ipar poloan Eguzkia 23 graduko altueran pasatzen da etengabe zeruan. Hala, zirkulu artikoan Eguzkiaren erdiak ostertza ukitu besterik ez du egiten, sekula jarri gabe. Eguzkiak 47 graduko angelua hartzen du hegoaldera. Solstizioan, Eguzkia ez da sartzen 24 orduetan zirkulu artikoan. Kantzer tropikoan, berriz, Eguzkiak 13,4 orduz argitzen du bere izpiez. Ekuatorean hamabi orduz argitzen du; eta Kaprikornio tropikoan, 10,6 orduz. Zirkulu antartikoan goialdean gertatzen denaren aurkakoa gertatzen da: Eguzkiak ez du argitzen egun osoan, beti dago 23 graduko kokapenean ostertzaren azpitik.
Dena den, ekainaren 21a eta abenduaren 21a izan al dira beti udako eta neguko solstizioak? Ezezkoa da erantzuna. Izan ere, urteak ez du irauten 365 egun zehatz-mehatz. Urtero pixka bat aurreratzen dira bai solstizioak eta bai ekinozioak. Horregatik daude urte bisurteak, egutegia atzeratzeko. Hala ere, urte bisurteekin ez da atzeratzen egutegia behar litzatekeen denbora adina. Hots, 1582an egutegi juliotarra utzi eta gregoriarrarekin hasi zenean, hamar eguneko desoreka zegoen. Egutegi aldaketak desoreka hori zuzendu zuen, eta urtero gertatzen den aurrerapentxoa oraindik ere gehiago txikitu zuen aldi berean. Hala ere, 400 urte pasatu eta gero, hiru eguneko desoreka daukagu berriro. San Joan gauean izan beharrean (ekainaren 23an), hiru egun lehenago baita solstizioa, ekainaren 21ean.
Eguzkia eta beroa
Ezin esan uda eta eguzkia elkarren ondoan bizi direnik beti Euskal Herrian, baina behingoz hala gertatu da. Udaren hasierarekin batera eguzki biribilak argitu zuen atzo zerua, eta aste osoan antzeko tankeran jarraituko duela diote metereologoek. Euria eta tenperatura freskoen ondotik beroa etorri da; izan ere, azken urteetako udarik beroenetakoa izango dela iragarri dute, batez besteko datuak baino gradu bat eta biren artean beroagoa. Euririk ez da faltako, dena den.
Solstizioak beroa ekarri du hortaz. Hitzaren etimologiak ere esaten du latinez: sol staticus (eguzki gelditua). Eguzkiaren gainbehera ez da ia aldatzen epe batez, gelditua dago, eta ipar hemisferioan errazagoa da izpiak jasotzea.
Udako eta neguko solstizioaz ohartzeko bada modu errazagorik alde teknikoak ikastea baino. Arratsero hondartza batean pasioan ibiliz gero, eguzkia inoiz baino iparralderago sartzen ikusiko dugu ekainaren 21ean. Abenduaren 21ean, berriz, inoiz baino hegoalderako sartuko da eguzkia; neguko solstizioa dela adieraziko du horrek.
Egunaren onura, gauaren galera
Uda 13:28an hasi zen atzo; urteko egunik luzeena izan da ekainaren 21a, udako solstizioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu