Ezarian. Diskoteken geroa. Lorea Argarate. Tea Party DJ's

«Egunerokoan garen bezalakoak gara saioetan ere»

Duela hiru urte Eva Gutierrezekin batera biragailuen aurrean jarri zenetik, musika elektronikoarekin maitemindurik dago Lorea Argarate. Tea Party DJ's taldeko kidea da.

TEA PARTY DJ'S.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2013ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Lorea Argarate Eva Gutierrez lagunarekin batera aritzen da DJ lanetan. Entsegu lokal batean ezagutu zuten elkar, eta orduz geroztik gauak girotzen aritzen dira. Orain hiru urte hasi ziren, eta Euskal Herriko hamaika txokotan jendea saltoka jarri izan dute ordutik. Ameriketako Estatu Batuetako alderdi eskuindarrari zirika eta 1773ko Kolonoen Bostongo Tearen Matxinadari keinu egiten dion izenagatik egin dira ezagun: Tea Party DJ's.

Zer-nolako harrera egiten dizue publikoak?

Soraluzen (Gipuzkoa) aritu ginen estreinakoz. Proba bat besterik ez zen, baina gustatu egin zitzaigun. Gerora lagunen tabernetan aritu ginen, gehienbat ezagunen artean. Jauzia, Sonora dantzalekua (Bilbo) ireki zutenean eman genuen, Girls playing eguna antolatu, eta hara joateko deitu zigutenean. Ordutik bertan ibiltzen gara bi larunbatetik behin. Estiloa ere asko aldatu dugu, lasaiago hasi ginen, baina pixkanaka konfiantza hartu eta gogorrago aritzen gara.

Nolakoa da DJen lana? Esker onekoa al da?

Ez da erraza, egia esan. Guk, lan gisa hartzen dugu, guztia bikain ateratzea gustatzen zaigu, bestela ez gara etxera pozik bueltatzen. Gure lana ondo egin ahal izateko ondo egon beharra dago, abil eta argi, oso kontzentratuta. Guk, adibidez, saioen aurretik lo egiten dugu, oholtzara igotzean indarrez egoteko eta dena eman ahal izateko. Ehunka pertsona zure aurrean izatea eta jendea zu ikustera edo ondo pasatzera etorri dela sentitzea presio eta erantzukizun handia da. Geure buruari gogor egiten diogu. Horretaz gain, ikuskizunaren atzean ikusten ez den lan eta denbora asko dago: deskantsu orduak, entseguak, lan inbertsioa...

Dantzalekuei eta haietara biltzen direnei buruzko aurreiritzi asko dago.

Diskoteken mundua oso etiketatua dago, baina barrutik ezagutzean dituzun eskemak apurtzen dira, dagoen irudia eta errealitatearen artean ezberdintasun handia dago. Diskoteken mundua askotarikoagoa da orain. Estilo ezberdinetako jendea biltzen da. Jendea irekiagoa da gaur egun, askotan harritu izan gara horrekin. DJen mundua ere asko hedatu da. Azken urteetan musika estilo asko hartu ditugu, baina geureari eustea garrantzitsua dela uste dugu. Guk euskaraz irakurtzen ez badugu, nork irakurriko du? Berdin gertatzen da Euskal Herriko musikarekin ere. Ondo dago estilo berriak hartzea, baina gurea ahaztu gabe.

Gaua gizonezkoena dela esan izan da sarritan.

Eraman behar dugun motxila bat da Emakume izatea, baina mundu honetan ez digu sekula arazorik eman. Geuk ere ez diogu garrantzirik eman horri. Neskak gara bai, baina ez gara horregatik ezberdin sentitzen edo ezberdin saltzen. Egia da gaur egun irudiak sekulako garrantzia duela arlo guztietan. Askotan, musikan baino gehiago, itxura fisikoan zentratzen da jendea. Gu ez gara horretan sartu, egunero garen bezalakoak gara egiten ditugun saioetan ere. Uste dugu jendeak hori baloratzen duela. Ez gaituzte etiketatu, geureari eutsi diogu, eta hori positiboa izan da.

Dantzalekuen beherakadaz, edo gauaren krisiaz maiz hitz egiten da. Oholtza gainetik nabaritu al duzue hori?

Krisia programazioan nabaritzen dugu gehienbat. Dantzalekuek, enpresa gisa, gutxiago inbertitzen dute antolatzen dituzten musika emanaldietan. Orain, jaialdien promozio lanei ematen zaio garrantzia handiagoa: irudi publikoa, publizitatea... Itxurari erreparatzen zaio musikari erreparatu beharrean. Herriko jaietan ere nabaritu da egitarauetan izan den beherakada hori. Lehen baino musika talde gutxiago egoten dira orain; normalean, behintzat. Hainbat musika talde beharrean DJok eramaten gaituzte, merkeago izateaz gain, askotan ordu gehiagoz aritzen garelako eta denetariko musika jartzen dugulako.

Etorkizunik ikusten al duzue mundu honetan?

Etorkizuna ikusten dugu, bai, baina guk markatzen ditugu geure mugak. Musikaz gain baditugu bestelako eginbeharrak, eta askotan denbora tartea aurkitzea zaila egiten zaigu.Geure kasuan, geure musika guk sortzen dugu beti. Entzuten dena guk sortua da, ez dugu besteek egindakoa jartzen.

Horrek ere, denbora aldetik inbertsio handia eskatzen du. Ekonomikoki ere gastu mordoa izaten ditugu: saioetarako nahiz entseguetarako behar dugun material guztia, entsegurako lokalaren alokairua, garraioa eta bestelako hainbat kontu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.