Lanean jasandako larritasunak eta egunerokotasunak sortutako estresa eta arazoak alde batera utzi. Iragana eta geroa ahaztu, eta orainean kontzentratu. Burua ezertan pentsatu gabe utzi, eta musikak eta haren erritmoan doan gorputzak igortzen dituen bizipenetan jarri arreta. Une batez erlaxatzeko eta gainontzeko guztia ahazteko ariketak proposatzen ditu biodantzak.
«Bizipenetan oinarritzen den metodologia da. Orain eta hemen bizitzen duguna». A. O.-k biodantzako saioak ematen ditu astero Donostiako Amara auzoko Marinelen plazako Yoga Maitrin lokalean. Hiru urte eta erdiz ikasi du biodantza, Gasteizen. Biodantzaren astea izango da igandera arte, eta metodologia hori zertan oinarritzen den erakutsi dute Donostian, Urretxun eta Arrasaten eginiko saio irekietan. Astean behin bi orduz elkartu ohi dira biodantza egiteko.
Saioetan erabiltzen duten musika aldez aurretik ikertu dute, mugimendu jakin horien bidez bizipen bat sortzeko. «Momentu horretan bizitzen ari zarena ezagutzen duzu horrela, burua alde batera utzi, eta zure gorputzak esaten dizunarekin konektatu, sentitzen duzunarekin».
Norberaren burua ezagutzeko bidea dela dio A. O.-k, egunerokoa ahazteko ihesbidea. «Laneko presak, orduak … horrekin guztiarekin deskonektatzeko eta geure buruarekin konektatzeko, gure erritmoarekin, ez kanpotik ezartzen digutenarekin». Gaixotasun asko eta asko estresarengatik sortzen dira. Estresari eta ezinegon horri aurre egiteko tresna egokia da biodantza. «Gure zelulak bere onera ekartzen ditu, erlaxatu egiten gara».
Biodantza Bai elkarteak antolatutako saio irekira 30 bat lagun agertu dira, elkarrekin biodantza zer den bizitzeko. Azalpentxo teoriko baten ostean, lehenengo ariketak hasi dituzte. Saioak taldean egiteak berebiziko garrantzia du. «Geure burua taldearen barne errespetatzen, beste pertsonak errespetatzen eta taldea errespetatzen laguntzen digu».
Biodantzak orainaldia bizitzera gonbidatzen du, eta edozer gauza gertatzen dela ere egoerara moldatzen laguntzen du. «Bizitzan ere orainaldia garrantzitsuena dela esango nuke. Askotan, gauzak ezin ditugu kontrolatu, baina, haserretu beharrean, molda gaitezke. Biodantzak alde baikorra ikusten laguntzen digu».
Biodantzako saioetan proposatzen den ariketa batean, parte hartzaileak musikaren erritmoan ibili behar du, norberaren erritmoa zein den hausnartzeko. Izan ere, normalean egunerokotasunak ezartzen duen egitarauaren erritmoan bizi da jendea. «Gure bihotza entzuten laguntzen digu, gure nerbio sistema orekatzen».
Saioetan parte hartzaileek ezin dute hitzik egin, baina etengabe komunikatzen dira. Gorputzarekin komunikatzen dira, eskua emanez, ukitzen, besarkadak eta muxuak emanez, irribarre eginez… Saioa hasi aurretik argi eta garbi utzi du A. O.-k: «Biodantza norbera bere buruarekin eroso sentitzeko da, inor ez dago behartua, beraz, egin nahi ez dituen ariketak betetzera».
Saioa amaitzean parte hartzaileen aurpegian nabari da emaitza. Irribarretsu eta aldarte onez atera dira denak, bata bestearekin izandako bizipenak komentatzen. «Era batera sartu, eta beste batera ateratzen gara biodantzatik», azaldu du A. O.-k.
Egunerokotik ihes eginez
Gorputza musikaren erritmoan mugituz, orainean kontzentratu, eta egunerokoak eragindako estresa alde batera uzteko proposamena egiten du biodantzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu