Leioako Udondo gaztetxeak lanean ekin nahi dio urte berriari. Guztien artean eraikina txukundu eta antolatu nahi dute. Gaztetxean gero eta jende gehiago biltzen omen da, eta, gainera, inoiz baino ekintza gehiago antolatzen dituzte. Horregatik, duten espazioa modu egokian kudeatu nahi dute; denentzako eta denerako lekua egon dadin.
Baina lana ez da eguneko asmo bakarra. Garbiketa eta berrantolaketa lanekin bukatzean, gozatzeko ordua iritsiko da. Horretarako, bazkaria, okupazioaren inguruko bideo emanaldia eta kontzertuak antolatu dituzte. Ilunabarra erritmo iraultzailez bustiko da Arny et Les Chachiz (Baiona), Apurtu (Irun, Gipuzkoa) eta The Flying Sextoys (Angelu, Lapurdi) taldeekin. Punk eta rock doinuak entzun ahalko dira, 20:00etatik aurrera, eta sarrerek lau euro balio dute.
Apurtu taldeak disko berria kaleratu zuen orain pare bat urte, 1989-2009 Istorio sekretua izenekoa. Orduan bete zituen taldeak hogei urte, eta euren bihotzetan musikak bizirik zirauela erakusteko, disko berria kaleratzea erabaki zuten. Hamahiru abesti biltzen dira bertan. Euskal Herrian zehar kontzertuak eman ondoren, etxetik kanpo ere egin zuten bira txiki bat; Bulgaria, Alemania eta Eslovakian barrena.
ARNY ET LES CHACHIZ, THE FLYING SEXTOYS ETA APURTU
Noiz. Gaur, 20:00etan.
Non. Udondo gaztetxean (Leioa, Bizkaia).
Egunez lan, eta gauez festa
Leioako gaztetxean laneguna dute gaur, baina, erratza pasatzeaz gain, dantzatzeko eta jateko aukera izango da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu