Jaiak. Etxarri Aranatz

Eguraldia lagun, lehertu da festa Etxarrin

Maria Jesus Palazuelos Andre Mari abesbatzako kideak piztutako suziriak eman die hasiera festei

Etxarriko Andre Mari abesbatza omendu zuten txupinazoa jaurti ondoren. BERRIA.
2011ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Lehertu da festa Etxarri Aranatzen (Nafarroa). Eguneroko lanak eta gorabeherak alde batera utzi eta, aste betez, jaian murgiltzen hasi ziren etxarriarrak atzo eguerdian. Hurrengo bost egunetan izanen dute non dantzatu, zer ikusi, jan edota edan.

Maria Jesus Palazuelos herriko Andre Mari abesbatzako kideak piztu zuen festen hasiera iragartzen zuen suziria. Herriko abesbatzak aurten 40 urte betetzen ditu, eta, berrogei urtean herrian musika sustatzen egin duen lana eskertzeko, Udalak etxafuegoa botatzeko gonbita egin zion taldeari. Horregatik, udal agintariez gain, abesbatzako kideak ere izan ziren herriko Etxeko balkoian atzokoan. Suziriaren ondotik, eta eguraldi ona lagun, kalejira egin zuten herrian barna erraldoi, buruhandi eta txarangekin batera.

Suziria bota aurretik, herriko haurrak izan ziren protagonista. Joan den urtean herrian jaiotako haurrei zapi bana banatu zieten. Kartel lehiaketako irabazleek ere saria jaso zuten: Berriozarko Eusebio Medina Ureñak egitarauaren azalagatik eraman zuen saria, eta Andrea Ansotegi eta Ariane Atxa etxarriarrak egin duten kontrazalagatik.

Hamaiketakoak egunero

Zer dira Euskal Herriko herrietako festak otordu on bat gabe? Horregatik, etxarriarrek egunero auzatea edo hamaiketakoa egiten dute. Egunero herriko elkarte batek prestatzen du. Gaur Gure Etxea elkarteak eskainiko du hamaiketakoa, herriko plazan, eta bihar, berriz, Etxe-Azpi elkarteak. Sabela ongi beteta, Kantirukiren kontzertua entzuteko aukera izanen dute etxarriarrek gaurkoan.

Arratsaldean lekukoa haurrek eta herri kirolek hartuko dute. Herri kirol saio luzea antolatu du Udalak. Aizkoran lau bikote ariko dira nor baino nor gehiago, tartean Goizeder Beltza emakumea: Juanjo Erdozia eta Juanjo Lopez; Floren Nazabal eta Goizeder Beltza; Iñaki Bazkez eta Aritz Goñi; eta Eloi Kortxero eta Iban Resano. Harri txikiak jasotzen, berriz, Aitor Oiarbide eta Goenatxo III ibiliko dira, eta, azkenik, lastoa altxatzen, Oskar Telletxea, Karlos Sein eta Iñaki Bereaun. Eguna zezensuzkoarekin eta Gaubela taldearen dantzaldiarekin bukatuko dute etxarriarrek.

Osteguna bitartean bada non gozatu Etxarri Aranatzen. Bihar Sailen Eguna ospatuko dute. Eguneko ekitaldi nagusia bertsolariek eskainiko dute. Herriko plazan Andoni Egaña, Amets Arzallus, Eneko Lazkoz eta Xabier Silveira ariko dira bertsotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.