Urteen joan-etorriarekin, Pirinioetan jokatzen den mendi eskiko probarik jendetsuena bihurtu da Altitoy Irekia. Mendiko eskiaren hastapenetako espiritua berreskuratu nahi du Andoni Areizaga buru duen antolakuntzak, eta lehiaketa hutsari lehentasuna eman gabe, mendiko eskia bera ahalik eta jende gehienari ezagutarazi eta gerturatzea bilatzen dute. Urratsez urrats ari dira bidea egiten, eta zalantzari tarterik ez dio uzten Bareges, Luz Ardiden eta Tourmalet inguruetan larunbatean eta igandean bizitakoak: 530 eskiatzaile elkartu ziren, asko eta asko Euskal Herritik joandakoak, eta 90 pertsona aritu ziren antolakuntzan lanean. Eguraldiak buruhausteren bat emanagatik, ez zuen mendiko eskiaren festa zapuztu.
Donostiako Vasco de Campingek eta Luz Ardidengo Altitoy elkarteek antolatu dute, besteren arten, aurtengo ekitaldia. Bi ibilbide prestatu dituzte eguneko: A ibilbidea, lehiaketarako, eta B ibilbidea, sailkapenik gabekoa —herri proba, hain zuzen—. Larunbaterako aurreikusitako ibilbideak trazatzeko modua izan zuten antolatzaileek; gogorrak eta ukitu alpinokoak izan ziren — 2.200 metroko desnibela eta 300 metroko korridore bat tarteko. Igandean, berriz, eguraldiarekin bide prestatzaileek komeriak izan zituzten, eta atzerapenarekin eta aurreikusitako ibilbideetatik kanpo jokatu zen Altitoy.
Bi jardunaldietako denborak aintzat hartuta, Marc Sola eta Miguel Caballero (3:54:54) izan ziren irabazleak, Joan Vilada-Joan Albos eta Wilfrid Jumere-Frans Anrigo bikoteen aurretik. Emakumeetan, Maribel Martin eta Izaskun Zubizarretak irabazi zuten(6:05:40), Naila Jornet-Anna Cometeeta Nahia Quincoces-Amets Maiztegi bikoteen aurretik.
Gazteenak maila onean
Azpimarratzekoa izan zen gazteetan euskal eskiatzaileen jarduna. Kadete mailan irabazi egin zuen Amaia Martinek, eta bigarren sailkatu Iker Torres mutiletan. Gazteetan podiumera igo ziren Ander Garmendia eta Ander Sistiaga, bigarren eta hirugarren postuetan, hurrenez hurren, eta irabazi egin zuen Lide Leibarrek.
Argi-ilunak izan ditu, ordea, Altitoyk. Nahiko maila eduki ez, eta A ibilbidean izena eman zuten batzuk antolatzaileek GPS tresnen laguntzaz atera zituzten larunbatean.
Eguraldiak ez du zapuztu Altitoy proba jendetsua
Bostehundik gora eskiatzaile elkartu dira asteburuan Pirinioetan jokatzen den mendi eskiko proba nagusian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu