Europako Espazio Agentziako Solar Orbiter zunda gaur heldu da lehen aldiz Eguzkiaren periheliora, hau da, izarraren inguruko orbitan punturik hurbilenera.
Izarretik 77 milioi kilometrora heldu da orbitagailua. Lurretik Eguzkira 149.600.000 kilometro daude, beraz, Solar Orbiter, erdibideraino heldu da.
Zundak hamar zientzia tresna dauzka, eta guztiak piztuta egon dira azken aste osoan, periheliora hurbildu ahala. Izarraren eremu magnetikoa eta eguzki haizea deiturikoa neurtu ditu —Eguzkiaren goi atmosferatik isurtzen diren partikulak dira—. Horrez gain, izarraren azaleko argazkiak atera ditu zundak, inoizko hurbilenenak, eta zehatzenak.
«Inoiz ez dugu Eguzkiaren argazkirik hartu horren gertutik», esan du Daniel Mueller Solar Orbiter egitasmoko zientzialariak, ESAk zabalduriko ohar batean. «Erresoluzio handiagokoak hartu ditu, esaterako, Daniel K. Inouye teleskopioak Hawaiitik», onartu du Muellerrek, «baina Lurretik, atmosfera teleskopioaren eta Lurraren artean egonik, bakarrik Eguzkiaren espektroaren zati txiki bat ikus daiteke, espaziotik ikus daitekeena baino txikiagoa». Irudiak prozesatu beharko dituzte orain, eta, esan dutenez, uztailaren erdialdera argitaratuko dituzte.
Eta probatan besterik ez da ari. Izan ere, oraingo fasean, ESAko zientzialariak orbitagailuaren tresnak probatzen eta kalibratzen ari dira. Berehala hasiko dira zunda Eguzkira are gehiago hurbiltzeko maniobratan. 2021eko azarora arte arituko dira horretan: bi ziaboga bat egingo ditu Artizarraren inguruan, eta beste bat Lurraren inguruan, noranzkoa aldatzeko, eta, horren bidez, Eguzkitik 42 milioi kilometrora hurbilduko da, hau da, Merkurio planeta baino hurbilago (Merkurio izarretik 58 milioi kilometrora dago, batez bestean).
Grabitazio ziabogei esker, zundak lehen aldiz ganoraz ikusi ahalko ditu izarraren poloak. Horri esker, zientzialariek hobeto ulertuko dituzte Eguzkiaren eremu magnetikoa, eta eguzki haizea; horrek eragina handia du Eguzki Sistema osoan, besteak beste Lurreko aurora borealetan, eta planetako telekomunikazioen interferentzietan.