Batera doaz ehiza eta gastronomia Baztan eta Bidaso inguruan, Izaskun Goñiren arabera (Iruñea, 1972). Bertizko Partzuergoko kudeatzailea da bera, baita Ehiza Jardunaldi Gastronomikoen antolatzaileetariko bat ere. Hogeigarren aldia dute aurtengoa, eta, dioenez, hazi egin da egitasmoa urtez urte. Beti helburu bera izan du, ordea: jendeari ehizakiak dastatzeko aukera eskaintzea. Ehizakiz osatutako menua eskaintzen dute horretarako eremuko hainbat jatetxek.Partzuergoaren egitasmorik zaharrenetariko bat da, baita arrakastatsuenetariko bat ere. www.consorciobertiz.org webgunean ikus daiteke egitasmoarekin bat egiten duten ostatuen zerrenda, baita bakoitzak eskaintzen duen menua ere.
Nola sortu zen egitasmoa?
Partzuergoaren parte ziren jatetxeen ideia izan zen. Gogotsu hasi ziren, eta berehala pentsatu zuten ehizaren inguruko jardunaldiak antola zitzaketela. Sasoi batez, guztiek ehizakiz osatutako menua eskaintzea erabaki zuten. Hamabi izan ziren aitzindariak, eta hamasei jatetxek hartzen dute parte gaur egun. Antolaketa eta promozio lana egiten du Partzuergoak.
Ehizakiak prestatzeko tradizioa lehenagokoa izango zen.
Belaunaldiz belaunaldi pasatu da ohitura hori. Oso errotuta dago.
Kartei begiratzea nahikoa da, ordea, tradizio hori berritzen saiatzen diren sukaldariak ere badaudela ohartzeko.
Bai, bai, berritu ere berritzen dute tradizio hori. Baina benetan sakonak dira erroak, eta iaz Etxalarren abiatu genuen gastronomia lehiaketa da horren froga. Usoa saltsan prestatu behar izan zuten parte hartzaileek, era tradizionalean. Azaroaren 10ean egingo dugu aurten lehiaketa, eta hor ikusten da betiko errezeta dela.
30 euroren bueltan dabiltza jardunaldietan parte hartzen duten jatetxe gehienen menuak.
Jatetxeek berek erabakitzen dute paretsu ibiltzea.
Nolako erantzuna izan duzue?
Oso jarraitzaile fidelak izan ditugu. Iaz, inkesta batzuk egin genituen jendeak jardunaldien berri nondik jaso zuen jakiteko eta zenbatetan egon diren zehazteko. Hiru urtean baino gehiagotan izan dira hemen gehienak, eta batzuen batzuk hasieratik urtero izan dira. Oso garatuta dago gastronomia mota hori hemen, ezin ederrago egoten da paisaia, eta ehiza giroa suma daiteke alde guztietan. Ehizaren inguruko mikrokosmos bat da hau. Gainera, eskaintzen diren jakiak ez dira oso ohikoak izaten jatetxeetako menuetan, eta esperientzia interesgarria izaten da horregatik bisitarientzat. Nik gogoan dut basurdea jan nuen lehen aldia, eta berdin bestelako platerekin ere. Oso aukera berezia da.
Aurtengo jardunaldian krisia igarriko den beldur dira jatetxe batzuk.
Bai, baliteke krisiak kalte egitea. Hala ere, aurten interes handia igarri diegu gastronomian espezializatutako aldizkariei eta blogei, eta baliteke horrek bezero gehiago erakartzea ere.
Izaskun Goñi. Bertizko Partzuergoko kudeatzailea
«Ehizaren inguruko mikrokosmos bat da hau»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu