Trikuharriak, antzinako lan tresnak, euskal baserriak... harriz eginikoak dira; artistek urteetan zizelkatu dituzte harriak... Ezin jakin, ordea, denboran zenbat egin beharko litzatekeen atzera, harrien eta euskaldunen arteko hartu emanaren jatorria ezagutzeko. Herri kirol entzutetsua ere bada harriak jasotzea, eta, hain zuzen, horri buruzko liburu bat osatu dute —Harria, azken 100 urteei aitortza—, beste batzuen artean, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko lehendakari Patxi Jauregik eta Joseba Urretabizkaia argazkilariak. Hainbat eta hainbat mendetako historia liburu batean sartzea «ezinezkoa da», baina egileek ahalegina egin dute kirol honen bultzatzaileak, jadanik hilda dauden harri-jasotzaileak eta baita bizirik daudenak ere liburu batean biltzeko.
«Kezka eta hausnarketa luze baten ondorioa da liburua». Honela azaldu du Jauregik: «Gure ustez, egun betetzen ez duten leku bat merezi dute herri kirolek, eta orain arte jorratutako bideak ondo dauden arren, bide berriak egitea egoki ikusten dugu». Hainbat helburu bete nahi izan dituzte proiektu honekin. Batetik, herri kirolen munduari, oro har, «merezi duen aitorpena» egin nahi izan diote. Bestetik, «eguneratzeko» beharrak bultzatuta, garai berrietara egokitzeko ahalegina egin dute, eta, azkenik, herri kirolen etorkizunaren aldeko «hazia» izan nahi du.
Ia bi urte igaro dituzte egileek liburua osatzen: ehun harri-jasotzailerekin elkartu dira, banan- banan, elkarrizketak egin eta argazkiak ateratzeko. Bakoitzaren datuak bildu dituzte —nola hasi ziren, zer marka dituen...—, baina helburua ez da errekorren liburu bat osatzea, baizik eta harri-jasotzaileen mundua jendeari ezagutaraztea. Emaitza, testu eta irudiz betetako dokumentazio liburua da.
Urretabizkaia arduratu da argazkiez: «Estetika berri bat eman nahi izan diogu herri kirolen munduari: irudi aldetik joko handia ematen du». Liburuan argitaratuko dituzte, guztiak zuri-beltzean, baina erakusketa bat ere osatu dute —apirilean estreinatuko dute, Donostian, San Telmo museoan, eta ondoren herriz herri mugituko dute—. Urretabizkaiak aitortu duenez, «liluratuta» gelditu da harri-jasotzaileen mundua gertutik ezagututa: «Pilotan ibili izan naiz, eta beti izan ditut gustuko herri kirolak, baina lanean jardun dugun ia bi urteetan konturatu naiz ez nuela ia ezer ezagutzen harrien mundua».
Jauregik barkamena eskatu du, ezin izan dituztelako egun dauden harri-jasotzaile guzti-guztiak liburuan sartu: «Ez dugu inor baztertu nahi izan, asmo onez egin dugu lana, baina barkamena eskatzen diegu kanpoan geratu direnei».
Omenaldia
Harria proiektuak, baina, harago joan nahi izan du, eta liburuaz gain, harri-jasotzaileei eskainitako egun osoko omenaldi bat prestatu du urriaren 20rako, Donostian. Egun horretan egingo dute liburuaren aurkezpena, ikuskizuna, bazkaria eta omenaldia.
Liburuaren aurkezpena San Telmo museoan izango da, 11:00etan. Ondoren, ikuskizun berezi bat egingo dute Viktoria Eugenia antzokian: herri kirolak ardatz hartuta, musika, dantza eta kantua uztartzen dituen ikuskizun bat eskainiko dute. Besteak beste, Oreka TX eta Amaren Alabak taldeen, Kukai dantza konpainiaren eta Ander Lipusen laguntza izango dute horretarako. Horrez gain, ikuskizunaren barruan, hiru harri jasotzailek —Aimar Irigoien, Idoia Etxeberria eta Urdax Magunazelaiak— euren marka pertsonala hobetzeko saioa egingo dute.
Gainontzeko herri kirolak ere presente izango dira ikuskizunean, Oreka TX taldeko Harkaitz Martinezek azaldu duenez: «Musikariok etxeko lanak eginda joaten gara kontzertuetara, baina herri kirolak musikan integratuz, musika egiten saiatuko gara». Etxeberriak urduri dagoela aitortu du, «antzokia eta plaza ez baitira gauza bera: plazan jendea dago, baina ez hain gainean». Eguna borobiltzeko, bazkaria eta harri-jasotzaileen omenaldia egingo dute Manteo kiroldegian, 14:30ean.
Ehun urte eta ehun kirolari
Liburuaren aurkezpena, ikuskizuna eta bazkaria egingo dituzte harri-jasotzaileen omenez datorren larunbatean Donostian. Oreka TX eta Amaren Alabak taldeen, Kukai dantza konpainiaren eta Ander Lipusen laguntza izango dute, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu