EITBko hedabideetan legez kanpoko ezker abertzaleko ordezkariei ez diete elkarrizketarik egin azken urte eta erdian, Alberto Surio EITBko zuzendari nagusi denetik. Elkarrizketa saioetan betoa zuten, eta azkenean beto hori gaur kenduko du EITBk Radio Euskadiko Boulevard saioan Rufi Etxeberriari egingo dioten elkarrizketarekin. Dani Alvarezek egingo dizkio galderak, 09:00etatik aurrera.
Adierazgarria da legez kanpoko ezker abertzaleko ordezkariei egindako aurreneko elkarrizketa hori Radio Euskadin egitea, eta ez Euskadi Irratian.
Duela hamar hilabete inguru, Jaime Otamendik Mezularia irratsaioan Tasio Erkizia elkarrizketatu zuen. Horrek zalaparta sortu zuen EITBn. Taldeko zenbait kazetarik elkarrizketa horiek egiteko eskaera egin izan diote zuzendaritzari, baina ezezkoa jaso dute orain arte.
Radio Euskadiko eta Euskadi Irratiko tertulietan, era berean, ez dago ezker abertzaleko ordezkaririk irratiekin adostuta, beste alderdiekin egiten duten bezala. Ikusteke dago solasaldi horietan ezker abertzaleko kiderik sartuko duten ala ez.
Duela aste batzuk, azaroaren 8an, Miguel Angel Idigoras ETBko zuzendariak El Correo egunkarian honakoa esan zuen: «Legez kanpoko diskursoa duen jendeak ez du lekurik». Mikel Basabe Aralarreko legebiltzarkideak adierazpen horien inguruan galdetu zion astelehenean EITBko kontrol batzordean, baina Idigorasek ez zuen galdera erantzun.
EITBk betoa kenduko die gaur ezker abertzaleko ordezkariei
Rufi Etxeberriari elkarrizketa egingo dio Dani Alvarezek Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan, 09:00etan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu