Komunikazioa

EITBk eta Eikenek saio aitzindarien ekoizpena bultzatuko dute

Nazioarteko epaimahai batek aukeratuko ditu ETBn ekoitziko eta emango diren proiektuak

Erredakzioa
Donostia
2012ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Eiken Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak eta EITBk proiektu berritzaile bat jarriko dute martxan, programa aitzindarien bidez euskal ikus-entzunezkoen sektorea bultzatzeko asmoz. Ekimenari Innova Basque Audiovisual izena jarri diote; horren bidez, euskal ekoizleek formatu berriak sortzea lortu nahi dute. Gero, ETBn emango dituzte, saio berezi batzuetan, eta ikusleek parte hartuta.

Telebista publikoaren eta euskal ekoizleen arteko lankidetza aukera sortuko dituela adierazi dute sustatzaileek. Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiak eta Juan Mari Gurrutxaga Eikeneko lehendakariak azpimarratu dute egitasmoa «win-win» estrategian oinarrituta dagoela. «Horrenbestez, eragile parte hartzaile guztiak irabazle gertatuko dira, eta arrisku mugatuak izango dituzte». Eusko Jaurlaritzako Industria Saileko Berrikuntza zuzendari Xabier Sabalzak egitasmoaren bultzatzaileak zoriondu ditu: «Osatzen ari den jokaleku ekonomiko berriari arrakastaz ekiteko bermea da egitasmoa».

Herbehereetako merkatuko ideia batetik abiatu dira egitasmoa sortzeko, eta bere helburu nagusia euskal enpresei beste merkatu batzuetara ateratzen laguntzea da. «Hori balizko bezeroek gaur egun eskatzen duten moduan egin behar da: hau da, programa pilotu bat eta ikusle kopuruaren datuak eskainita».

Nazioartera jauzi egiteko

Egitasmoak «lehiakortasuna eta nazioartekotzea» sustatuko dituela esan du Patxi Arratibel EITBko Estrategia eta Kanpo Harremanen zuzendariak. Programak ekoitzi eta eman aurretik, pilotu bihurtzeko ezinbesteko baldintzak betetzen dituzten ideiak aukeratuko ditu nazioarteko epaimahai batek. Honako hauek osatuko dute epaimahaia: Virginia Mouseler, Patty Geneste, Pello Sarasola eta Itziar Mena.

Irailean hasiko dira saio aitzindariak ematen. Egitasmoa urtero errepikatzeko asmoa dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.