Datorren urtean EITBren aurrekontua 11,9 milioi euro murriztuko dutela iragarri du erakundeak. Krisiak behartutako neurria dela argudiatu dute, hau da, Eusko Jaurlaritzako aurrekontu orokorretara moldatzeko ariketa, baina telebista publikoa ahultzeko estrategia gauzatzen ari direla salatu dute lehen ere, langileek eta hainbat alderdik.
Urriaren hasieran iragarri zuen Blanca Urgell Kultura sailburuak Jaurlaritzak %8 gutxiago emango ziola EITBri datorren urterako. Administrazio kontseiluaren bileran zabaldu zituen zenbaki zehatzak Alberto Surio zuzendariak asteartean: 11,9 milioi euro murriztuko da erakunde publikoaren aurrekontua 2012. urtean. Hasiera batean, EITBk 132 milioi euro jasoko zituela kalkulatu zuten, baina murrizketa are handiagoa izango da, eta irrati-telebistek 123,9 milioi baino ez dituzte jasoko azkenean.
Ez da soilik laguntzak murriztuko dituztela. Hedabideon berezko diru sarrerak ere dezente txikiagoak izango dira 2012an, kalkuluen arabera. Aurtengorako 31,1 milioi euro eskuratzea aurreikusi zituzten, baina datorren urterako 28,2 espero dituzte; 2,9 milioi gutxiago, beraz. Publizitatearen beherakadari egozten dio EITBk jaitsiera. Izan ere, aurten iaz baino %9 gutxiago ari da jasotzen publizitatea salduta.
Aurrezteko plana
EITBk iragarri du «aurrezte eta herstura plan bat» ezarriko duela murrizketari aurre egiteko. Plan horri jarraiki, hainbat neurri hartuko dituzte. Kanpoko zerbitzuetan eta gastu orokorretan aurrezteko ahaleginak areagotuko dituzte: garbiketa, telefonistak, segurtasuna, bidaietako gastuetan eta halakoetan.
Aurrezpenik handiena, halere, langileen kontura egingo du EITBk. Aurtengo gastuekin alderatuta, 2,9 milioi euro gutxiago gastatuko dute datorren urtean. Soldatak ez dira igoko, eta taldeetan lan bera langile gutxiagorekin egiten arituko dira, behin-behineko kontratuak zituztenak kanpoan utzita.
Administrazio kontseiluak ez du proposamena onartu, PSEk eta PPk alde bozkatu badute ere. EAJk abstentzioa aukeratu zuen, eta Aralarrek aurka bozkatu zuen. Halere, Legebiltzarrak planari oniritzia ematea espero da, PSEk eta PPk gehiengoa dutelako horretan.
ETB bereizmen handian
Krisiak krisi eta murrizketak murrizketa, telebista bereizmen handian ematen hasteko egutegiari eutsiko dio ETBk, eta urte amaierarako hasiko dira lehen saioak ematen, Euskaltelen kablearen bitartez. Bereizmen handian zer eman pentsatzen ari da ETB une honetan. Formatu horretako hainbat saio erosiko ditu, eta Txapeldunen Ligaren edo Euroligaren seinalea modu horretan jasoko dute. Horrez gain, bereizmen handian lan egin ahalko duen unitate ibiltari bat prest izango dute. ETB HD kanalean arituko dira Euskaltelen, eta 2012an LTDren bidez zabalduko dute Bilbo, Donostia, Gasteiz eta inguruko hirietan.
Komunikazioa
EITBk ia 12 milioi euro gutxiago izango ditu datorren urtean lanari eusteko
Soldatak ez dituzte igoko, eta kanpoan geratuko dira behin-behineko kontratupean zeudenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu