Gaur gauerdian hasiko da hauteskunde kanpaina. Eta, kanpaina horri begira EITBko zuzendaritzak proposatu eta administrazio kontseiluak onartutako proposamenaren arabera, alderdi batzuek denbora tarte handiagoak izango dituzte beste batzuek baino. Doako tarteetan, PSEk eta EAJk 45 minutu izango dituzte EITBko komunikabide bakoitzean, PPk 30 minutu, IUk eta UPDk hamabost eta Amaiurrek hamar. Aurreko hauteskunde baliokideetan ordezkaritzarik lortu ez dutenentzat ezartzen duena aplikatu diote Amaiur koalizioari.
Edorta Arana EHUko irakasleak goiena.net/blogak/hamaika blogean bere iritzia eman du horren inguruan: «Zalantzan jartzeko modukoa da telebistako albistegietan alderdi politikoei 'informazioaren' izenean oparitzen zaizkien tarteak nola justifikatzen diren. Ez EITBn bakarrik, guztietan baino. Eta baita ere, muxu truk emaniko minutu horiek autobonbo akritikoa, planifikatua eta aspergarria egiteko izaten direlako, gehienetan».
Jose Inazio Basterretxea EITBko administrazio kontseiluko kideak zuzendaritzaren proposamenaren aurka bozkatu zuen: «Informazio eskubidean eta aukera berdintasunean sinesten dut. Eta EITBk onartu duen plangintza horretan ez dira bermatzen ez bata ez bestea ere. Ezin dut onartu, printzipio horien arabera, zergatik aitortu behar zaion denbora gehiago eserleku gehiago dituenari, eta gutxiago eserleku gutxiago dituenari». Basterretxearen iritziz, «poltronen gainetik dago informazio eskubidea, eta hori bermatu behar da».
Elkarrizketei dagokienez, ETBn sei egingo dizkiete EAJ eta PSEko hautagaiei, lau PPkoei eta bina IU, UPD eta Amaiurrekoei.
ETB1en, bi eztabaida egingo dituzte: azaroaren 10ean eta 17an; hurrengo egunean Euskadi Irratian emango dituzte. ETB2n, beste bi: azaroaren 9an eta 16an. Eta Radio Euskadin ere bi: azaroaren 11n eta 18an. Eztabaiden inguruan EITBren testuak horrela dio: «Berdintasunaren printzipioa bermatzeko, aniztasun politiko eta soziala errespetatzeko eta informazioaren proportzionaltasun eta neutraltasun printzipioak betetzeko, kontuan hartuko dira, bereziki, 2008ko hauteskunde orokorretan ordezkaritza lortu duten alderdiak eta aipatutako hauteskundeetan parte hartu zuten alderdiek osatutako koalizioak edo alderdiak». Edorta Aranari deigarria iruditzen zaio EITBk eztabaida saioen gaia nola arautzen duten: «Arauketa irakurrita, zalantza bat sortzen da berehalaxe: PSE, EAJ eta PPrekin batera ikusiko al ditugu IU, UPD eta Amaiur? Ala hiru saioetatik batean bakarrik agertuko dira azken hirurak?». Aranak dio gustura ikusiko lituzkeela Amaiurreko hautagaiak PSE, EAJ eta PPkoekin eztabaidan. «Gainera, argazkia goitik ikusita, justifikagarria allitzateke, zerbitzu publikoaren izenean, gauzak dauden moduan Amaiur izan daitekeenean indar nagusienetakoa eztabaida saioetatik kanpo egotea?», galdetu du Aranak.
Jose Inazio Basterretxearen ustetan, aurkezten diren guztiek eduki beharko lukete eztabaidetan parte hartzeko eskubidea, ez bakarrik «gizenenek».
Etorkizunari begira, EITBko administrazio kontseiluko Aralarreko ordezkariak honako proposamen hau egin du: «Aukera berdintasuna egon dadila. Zerbait kontatzeko duenak konta beza. Ez dago iritzi askatasuna eraikitzerik, baldin eta aurretik bermatzen ez badira informazio eskubidea eta aukera berdintasuna».
Komunikazioa
EITBn PSEk eta EAJk doako 45 minutu izango dituzte, eta Amaiurrek, hamar
Zalantzazkoa da hauteskunde kanpainako eztabaidetan Amaiurrek parte hartuko duen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu