Egutegiak eta eguraldiak ez dute bat egiten askotan. Gaur sartu gara ofizialki udaberrian, 06:14an; baina negu giroa dago Euskal Herrian. Halaxe jarraituko du ostiralera bitartean.
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak eguraldi nahasia iragarri du udaberrirako. Tenperatura altuak izango dira, eta ekaitz ugari. Prezipitazioei dagokienez, parametro normalen barruan, edo normaletik zerbait goraxeago aurreikusi dituzte. Apirilean, Mediterraneoko presio baxuek iparraldeko haizea sor dezakete, eta eguraldi aldakorra izango da. Horrek, zaparradak utziko ditu, eta garaiera ertainetan, elurra bota dezake. Maiatzean eta ekainean, Iberiar penintsulako presio baxuek eguraldi aldakorra eta ekaitz zaparradak eragingo dituzte.
Apirilean tenperaturak ohiko bidean jarraituko du, eta maiatzean eta ekainean tenperatura ohi baino altuagoa izango da.
Udaberria iritsi eta aterkia eta neguko arropak alde batera alboratu nahi dituenak, egun batzuk itxaron beharko ditu. Elurra zapaldu edo eskiatzeko gogoa daukanak ere izango du non aukeratu. Ostiralera arte, zeru grisak eta tenperatura baxuak izango dira. Euria egingo du tarteka, eta izotz txikia ere egin dezake goizaldean. Elur maila 800-900 metro inguruan kokatuko da gaur, eta asteak aurrera egin ahala, tenperaturak igotzearekin batera, elur mailak ere gora egingo du. Ostiralean presio altuek egonkortasuna ekar dezakete berriro ere.
Ekainaren 21era arte
Udaberriak 92 egun eta 18 ordu iraungo du, eta ekainaren 21ean amaituko da. Eguzkiaren inguruko orbitan Lurrak hartzen dituen kokalekuen arabera zehazten da urtaro aldaketa. Hitzarmen baten bidez finkatuta daude puntu horiek zeintzuk diren. Lurretik ikusita, Eguzkiaren erdiguneak zeruko ekuatorea zeharkatzen duenean hasten da udaberria. Bereizgarri bat du: eguna azkarren luzatzen den urte garaia da.
Ekaiztsua eta beroa
Euskalmetek udaberriko iragarpena egin du: eguraldi nahasia izango da ekaina bitartean; tenperatura altuak eta ekaitzak iragarri ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu