EKOGRAFIAK. Bereziki

2006ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Rocio Jurado hil ostean zaborraren kiratsa jasangaitza da, halere, egia da saio espezializatuetara jo beharra dagoela ongi usaintzeko. Beraz, ez da gertatzen ari artista hil aurretiko inbasio hura, gogoratuko duzuenez Rocio Jurado albiste unibertsal bilakatu baitzen kopla kantaria hil zorian zegoela.

Hil egin zen, eta handik egun batzuetara testamentua eman zuten jakitera. Testamentua oinarri hartuta, sekulako mezu nazkagarriak botatzen hasi ziren bihotz edota zabor saioetan, telebistan sinonimo baitira bata eta bestea, eta halaxe jarraitzen dute egun ere.

Sekulako mezu nazkagarriak, hildako edonori errespetua zor baitzaio denbora tarte batez, baina Rocio Jurado zenaren gora-behera familiar, afektibo edota sexualetan berehala murgildu izan dira bihotz edota zabor saioak, inongo galga edota lotsariik gabe, esan ohi den moduan «hilotza artean epel zegoela».

Hil aurretiko inbasio hura, bestalde, artistak berak ontzat ematen zuela ez daukat nik duda izpirik; bere buruari garrantzia emateko modu nagusia baitzen, kopla zer den eta zer ez den berdin digunon aurrean. Zera izateko: handiena izateko, hedabideen etengabeko jomugan egon beharra ere badago, mundu folkloriko murritz horretatik kanpo beste modurik ez baitago norberaren handitasun unibertsalaz besteok ere jabetu gaitezen.

Baina artista hil egin zen, eta ondotik etorri den triskantza informatiboa sekulako buitre-jana gertatzen ari da. Nik ez dakit kopla zaleei zer irudituko zaien baina badakit kopla bereziki maite ez duen kronista honi inoiz antzemandako ekitaldi periodistikorik gordinena gertatzen ari zaiola. Badakit ez nabilela gai bereziki garrantzitsua jorratzen gaurko zutabean, baina Espainaiko zabor-telebista arrosa zein bereziki nazkagarri bilakatu den oso epe laburrean; hamar urteko kontua baita, esan eta idatzi beharra dago inoiz baino argiago, saio hauek gurean daukaten penetrazio ahalmena ez baita txantxetakoa.

Artista hil zorian zegoela, errespetuz aritu ziren berari buruz bihotz edota zabor saio horietan. Bagenekien hipokresia handiz ere ari zirela, baina hil ostean gertatu dena nolabait beldurtzekoa egiten zait: zerraldoaren hezur-mamiak ere zurrupatzeko prest ageri dira orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.