Hojehoihegio89083jlkjlkjei8e99ujaou39938490ut. Barkatuko didazue. Lo hartu dut teklatu gainean.
Lo gabeziak jatorri bat baino gehiago izan ditzake. Hala da nire kasuan, behintzat. Batzuetan, tabernako hizketaldiek eragiten didate. Gutxi batzuetan, testu honek. Ostegunean, esaterako, La2 kateak The Promise izeneko dokumentala emango zuela jakin nuen. 00:05ean. Ederra ordua. Batez ere, ordu arte itxaron behar izateagatik. Burugogorra izaki, lo arte itxaron nion.
Halako batean, hasi zen Bruce Springsteenen Darkness on the Edge of Town diskoaren sortze prozesua azaltzen duen lana. Musikaria eta haren erokeria perfekzionista ederki islatzen ditu. Argiak eta ilunak. 90 minutuan, 1976tik 1978rako egunerokoaren irudiak, E Street Band musika taldeko kideekin eta bere buruarekin izandako eztabaidak, ordezkari eta lagun zuenarekin epaitegietan bizi izandako gudak... Giro hartan sortu zen mugarri izango zen lana.
Ingurura begiratu, eta zapin txikia eginez burua martxan jarri nuen. Eta kateen arteko jauzi zentzugabean ulertu nuen zergatik den maisua The Boss. Gogoan iltzatu zait haren esaldietako bat. Diskoa mamitu eta mamitu, irauli eta irauli, egin eta desegin ari zela, abesti bat -ingurukoek amaitutzat ematen zutena-aditu eta, «ona da, baina hobea izan zitekeen». Eta berriz ekin zion...
Ba ote dugu guk halako jarrera profesional eta perfekzionistarik? Nik ez, gehienean. Eta nago ostegunean loa lapurtu zidan pantaila txiki tonto horretan ageri ohi zaizkidan askok eta askok ere ez dutela. Ez da beti posible halako jarrera zorrotza. Hori egia da. Dena den, ezereza hasten den lekutik infinitua amaitzen den lekuraino tarte zabalegia dago aitzakia hori geureganatzeko. Eta hartu, hartu testu honen aldameneko orrialdean dagoen programazioa eta egokitu parametro horietara. Adibide argi bat jarriko dut. The promise dokumentala azaroaren 16an argitaratu zen. Hau da, labetik atera berria da. Gainera, inoiz ikusi gabeko hainbat irudi ditu. Springsteenek berak, E Street Band taldeko kideek eta ordezkari ohiak era askean hartzen dute hitza. Zintzoa iruditu zitzaidan, denborak onduak ageri baitira protagonistak iraganari begira. Hori horrela, nola da posible gauerdira bitarte itxaron behar izatea estreinaldiaz gozatzeko? Non kokatu behar da ahalegina ezerezetik infiniturako tartean?
KOMUNIKAZIOA
Ekografiak
The Boss
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu