Antza, 25 urte ez dira aski jaialdi baten egoitza finkatzeko, eta, agian, gehiegi ere badira antolatzaileentzat. Dagoeneko 26. urteurrena bete du El Sol Iberoamerikako Publizitate jaialdiak, eta, lehena kenduta, Donostian egin da beti. Aurten, ordea, beste hiriren batera eraman dezakete ekimena. Publizitate Komunikazioaren Agentzien Espainiako Elkarteak (AEACP) atzo iragarri zuenez, hainbat hiriren hautagaitza aztertuko dute, hurrengo jaialdia non egin aukeratzeko.
«Argi utzi nahi dut, mesedez: hemen ez dago arrazoi politikorik», esan dio BERRIAri Enric Pujadas jaialdiaren zuzendariak. «Ez dugu inongo kexarik Donostiarekin, ez lehengo, ez eta gaurko agintariekin ere, baina krisiak gogor zigortzen gaitu». Pujadasen arabera, aurten oso jaialdi ona izan dute, baina oraindik ez dituzte berreskuratu krisi aurreko parte hartzaile eta ikusle kopuruak. «Jaialdiak nazioan garrantzia izaten jarrai dezan, sosak behar dira, argi esateko».
Hautagaiak eta ekarpenak
Aurtengo jaialdiaren ondoren, hiruzpalau hiritako ordezkariak AEACPrekin jarri ziren harremanetan, jaialdiaren egoitza izateko asmoz eta «diru baldintza onak» eskaintzen. Pujadasek ez du argitu nahi izan zein hirik egin dioten eskaera, «hautatzeko prozesua ireki berri» dagoelako. Jaialdiarekin «onura» ateratzen duten udalek eta hirietako alor pribatuek jaialdiari «ekarpenak» egin beharko dizkiotela ohartarazi du antolatzaileak. «Gogorra da betiko bezeroak esaten dizunean lehiaketara aurkeztu behar duzula», dio Pujadasek, «baina, Donostiak irabazten badu, oso pozik egongo gara».
Donostiako Udaleko prentsa bulegoko Iker Zubimendik garrantzia kendu zion atzoko iragarpenari: «Jaialdiaren antolatzaileek urtero esaten dute lekuz aldatuko dutela». Juan Karlos Izagirre alkateari gaiaren inguruan galdetu zioten atzo goizean emaniko prentsaurrekoan, eta jaialdiak hirian jarraitzeko ahaleginak egingo zituela agindu zuen.
Komunikazioa
El Sol jaialdia Donostiatik eramateko arriskua
Zio politikoak ukatu, eta hainbat hiriren «eskaintzak» aztertuko dituztela esan dute antolatzaileek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu