6 pertsonarentzako osagaiak:
Begihandiak 2 (kilo ingurukoa bakoitza)
Begihandien tinta
Etxeko tomate saltsa
Burruntzalikada bat
3 Baratxuri ale
3 Tipula eder
2 Piper berde
Ardo zuria basokada bat
Gatza
Oliba olio birjina
Ura
Begihandiak bere tintan
Begihandiak erosterakoan komeni da garbituta eskatzea.Errezetarekin hasteko, tipulak eta piper berdeak moztu eta lapiko handi bat sutan berotzen jarriko dugu. Jarraian, olio txorrotada bat bota lapikora, eta moztutako tipula eta piperrak gehitu, baita baratxuri aleak ere, oraingo honetan osorik. Hogei bat minutuz su eztitan erregosi, eta ondoren, ardo txuria gehitu, eta minutu pare batez gehiago sutan eduki.
Ondoren, etxeko tomate saltsa bota, baita ur litro pare bat, begihandien tinta eta gatz pitin bat ere. Beste ordu laurden batez irakin. Segidan, saltsa pasatu, txanoa eta turmixa erabiliz.
Beste lapiko handi batera olio txorrotada bat bota, eta ondo berotuta dagoenean, begihandiak laukitxoetan moztuta bota. Gatz pitin bat bota, eta bost bat minutuz frijitu. Ondoren, saltsa beltza gehitu, ur pixka batekin batera, eta ordubetez eduki su motelean irakiten, begihandia bigundu eta saltsa loditu dadin.
Kontuan izan saltsak zer itxura hartzen duen. Hau da, saltsa lodi xamarra badago, ur pixka bat gehiago gehitu. Baina saltsa mehea badago, su bizian denbora luzexeagoz eduki saltsa loditu arte. Denbora horren ostean, prest daukagu jaki gozagarri hau dastatzeko. On dagizuela!