Duela hilabete batzuk New York Times egunkariak Wine Spectator aldizkari ospetsuan agerturiko artikulu xelebrea zekarren. Hogeita hamar urtez aritu da aldizkaria kronikak eta kritikak astero argitaratzen, itzal hori bilduz.
Kontua da Wine Spectator horrek Bikaintasun Gastronomikoaren Sariduna izendatzeko urtero antolatzen duen lehiaketan Robin Goldstein kritiko ezagunak izen eman, agiriak bete eta 250 dolarreko tarifa ordaindu zuen. Otordua eratu zuen, hara: Torta Di Zucca Alla mantovana, Risotto alla Milanese, Uovo en Raviolo con ricotta, Spinaci e tartufo bianco, Costoletta di vitello alla Milanese con pomodoro e rucola. Edarien atalean, hoberenetik onena (aldizkari horrexek azken hamar urteetan puntuaziorik kaskarrenak eramaniko ardoak soilik).
Jan-edan horiek eskaintzen zituen jatetxea, nola ez, Osteria L'Intrepido milanotarra zen. Distira horiek itsuturik, aldizkariak osteria hari urteko Bikaintasun Gastronomikoaren Saria eman zion: alegiazko janak eta ardorik txarrenak zerbitzatzen zituen existitzen ez den jatetxeari.
Web orri faltsuan datuak ikusi, eskuko telefonoari dei egin eta 'negozioko ugazabak', sinpatiko, pozarren, erantzun... aski zen: Azkenean, Milano- ko Osteria L'Intrepido, txapeldun.
Nork baloratu behar ote zituen jatetxe osoa eta bertako jan-edanak? Zenbat kritikari eta gida ezagunek dihardute horrela? Zenbat aldiz errepikatzen dira kritika berberak? Zergatik ez da agertzen inoiz kritika zorrotzik, zergatik ematen zaie xaboia denei? Zer galtzearen beldur ohi dago kritikaria, egunkaria?
Nola sinetsi horiei?
ELIKADURA. Bibliak eta katiximak. Jainkoak eta deabruak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu