Elikagaiak aukeratzean aspektu ugari hartzen ditugu aintzat: horren prezioa dagokiona den, etiketa euskaraz dagoen, produktua desizoztu den, transgenikoa edo transgenikoez elikatua izan den, ekologikoa edo biologikoa den, sanoa den, egiaz etiketak dioen berbera den, sasoikoa den, edari jakin batekin har daitekeen, osagaien etiketa zuzena den, argi horrek agerrarazten duen bezain gorria den, merkeago beste nonbait ote dagoen... baldintza asko jartzen zaizkigu. Sherlock Holmes-en rola jokatu behar, adi-adi. Hilean irabazitakoaren puska handi bat ez galtzeko eta guri jazotakoa hurrengoari gerta ez dakion, gutxienez.
Horien guztien aurretik, ordea, lau faktore lehenesten ditugu: kolorea, usaina, ukia eta zaporea. Betidanik.
Koloreak, gure kulturan beti, adieraziko digu fruta heldua dagoen, haragia zaharrena edo gazteena den, barazki berdeak bildu berri edo zahartuta dauden, arrainaren hezur ondoko mami gorrituak arrantzaleak noiz utzi zuen...
Usainak ere aztarna behinenak emango dizkigu: barazkiaren edo arrautzaren sufre tekoak, jadanik ez dagoela jangarri; arrain-itsaskien amoniako kiratsak, beste horrenbeste; ananaren eta marrubiaren perfume erakargarriak, fruta hori osasungarria dela; gaztaren mami lurrinak, higienez ekoitzi dela... Denetik.
Ukiak ere arrastoak ematen dizkigu janari-dendan: arraina fresko dagoen, meloia ongi umatu den, ogia erre berria den
Zaporeak gainerako guztiaren berri gaztigatuko digu. Berandu, baina. Ordurako elikagaia erosia dugu, horrek ez du atzera bueltarik.
Ondorioz, etxeko mahaira eserita hurkoek inguraturik kontsumituko duguna lehenagotik zaindu behar dugu, ontzia ireki aurretik, pieza ebaki baino lehenago, erosketa ona egin nahi badugu.
Elikagaien industria biziki garatua dagoenez, bertako ingeniariek badakite nola despistatu bezeroa: saldu nahi duten jeneroaren kolorea, tamaina eta ukia zainduta, usaina gure sudurretaraino iristea galaraziko dute, hazkurria filmez estaliz.
Horrela tontoa eta listua maila berean daude, saiatu dena eta utzikerian bizi izan dena, igualtxo.
Zer egingo diogu, ba? Plastikopekoa ugari dabilen saltokietan asko ez gelditu.
ELIKADURA. Elikagaiak zentzumenez aukeratzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu