Euskal Herriko nekazaritza ekologikoaren informazio zabalagoa non lor daiteke?
Gaur, hain zuzen ere, Ekolurra aldizkariaren X. urteurrena ospatzeko prestatutako erakusketa aurkeztuko da, Ordiziako D'Elikatuz zentroan. 1999ko neguan, Ekonekazaritza Federazioaren boletina jaio zen; hasiera batean Lurra eta bigarren zenbakirako Ekolurra izenpean birbataiatu zena. Nekazaritza ekologikoan gertatzen den eran, Ekolurraren erritmoa urtaroena izan da beti: sasoi bakoitzarekin, ale bat; urtero, lau. Pertsona saiatu askoren lanarekin, sarritan bolondreski, jadanik badira 40 ale.
Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak (ENEEK) sortu zenean, duela bi urte, Ekolurra aldizkariaren ardura hartu zuen. Hastapenetik, Ekolurra-ren xedea nekazaritza ekologikoaren inguruko albisteak eta gaiak jendarteratzea izan da, Euskal Herri mailako ikuspegi batetik. Herrialde guztietako elkarteek txoko bat izan dute beti: Gipuzkoako Biolur, Bizkaiko Lurreko eta Ekolur, Arabako Bionekazaritza eta Natuaraba, Iparraldeko BLE...
Ekolurra-n, nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoarekin lotutako gai teknikoak lantzen ditugu, eta albisteak, gehienetan, ekoizpenarekin edo zuzenean sektorearekin erlazionatzen dira. Uda edo negu, bi baserritar ekologiko «aurkezteko» beta egokia ere bada. Solasaldi atseginetan, nekazari ekologikoek beren bizipen eta pentsamolde inspiragarriak haizaratzen dituzte.
Baina ez hori bakarrik: ondo dakigu nekazaritza ekologikoaren indarra eta etorkizuna ez dagoela baserrietan soilik. Lekuan lekukoa, osasuntsua, gozoa eta jasangarria den nekazaritza eta elikadura lortuko badugu, euskal jendartearen eskutik izango dela argi daukagu. Globalizazioaren kalteak salatzeko, elikadurari eta kontsumoari buruzko informazioa ematen saiatzen gara, mundu mailan eragin tamalgarriak dituzten kontsumo ohiturei buruz hitz eginez edota beste sistema batzuk aldarrikatzen dituzten esperientziak ezagutuz. Bestelako ekoizpen eta kontsumo ereduak, ordea, ez dira atzerrian soilik gertatzen: hemen, Euskal Herrian, badaude hainbat ekimen elikadura burujabetza lantzen dutenak. Horien berri ere ematen dugu.
Non topatu Ekolurra? Era errazena ENEEKen webgunera jotzea da (www.eneek.org); bertan topatuko dituzue orain arte argitaraturiko 40 aleak. Bestela, harpidetza egitea ere badago, urtaro bakoitzean paperezko edizioa etxean jasotzeko. Bada azkenengo aukera bat: ENEEKen jarduerak ahalik eta jende gehienari helarazteko asmoz, Kontseiluak hainbat erakunde publikotara bidaltzen du Ekolurra (liburutegiak, udaletxeak...). Zuen herrian ez badute jasotzen, harpidetza egiteko eskatu!
@Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:
Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47.
[email protected]
ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua. Tel.: 902-54 01 65.
[email protected]
ELIKADURA. Informazio zabalagoa nekazaritza ekologikoaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu