ELIKADURA. Legatz koxkera ala bretxera?

2010eko urriaren 9a
00:00
Entzun
Koxkera estiloan prestatzen da arrain zuria, XX. mendeaz geroztik Donostian ez ezik, mundu zabalean ere (Ameriketan, adibidez). Asmakuntza goxoa da, berebiziko iraultza ondorioztatu ez badu ere: saltsa berdeari ilarrak, zainzuriak, muxila edo almejaren bat eta garai batean urre gorria bezain preziatua omen zen arrautza eranstea da kontua, koxkera txukun bat osatzeko. Hortik aurrera, zainzuri-salda fumet gisara baliatzea, irina erantsi edo ez, norberaren trebeziak. Era horretan, arraina lurrinez aberastu, platereko edukia ugaldu, autore-sukaldaritzaren itzalaz apaindu, prezioa merkatu (legatza arrain garestia zelako)... hamaika onura.

Zergatik koxkera izena? Donostiako Alde Zaharra bitan banaturik bilakatu da sekulorun sekulotan: Bulebarretik begiratuta, San Jeronimo kaletik eskuinera, Koxka: koxkeroa nomada zen (txikiteroa), kaskoi kaskarina, zaratatsua, eta banderilla edo pintxoaren asmatzaile, gizadiaren mesedetarako. Ezkerretara, Joxemari: hauek ber-bertako herritarrak ziren, sedentarioak, soziedadezaleak, tripazain neurrikoak, hamaika jaki loriosen sortzaile unibertsalak. Horrela zeuden eratuak estereotipoak gizarte patriarkal misogino hartan, ez tabernan eta ez soziedadean sartzen ez zelako emakumerik, gizasemeek zikindutako platerak eta komunak garbitzera ez bazen.

Donostia toki estrategiko samarra izaki, gaztelua eta harresiak eraiki, berritu, handitu, birrindu, eraberritu... zituzten portuges, espainiar, frantses eta ingelesek, bertako herritarrak salbatzeko, noski. Orain ere bai. Halako batean, herritarrak babestera zetozen militar kanpotarrek harresian zuloa egin eta, geroztik, «Bretxa» (agian, brecha hitzetik, ez gara etimologoak) deitu zioten bertako merkatuari -egun, McDonalds eta antzeko feniziarren tenplu doakoa, zergarik ez baitute ordaindu aspalditik- eta inguruko denari. Espacio Cánovas hortxe jarri digute, adibidez, oraingo babesle defendatzaileek.

Soldadu arrotz haiek hormari koska egin ziotela esango luke euskaldun xumeak; erdaldunak, brecha. Irudipenak. Zergatik ez du beste inork azaldu lehenago honelakorik?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.