Ongi elikatzen gara, oro har; nutrizio aldetik, desastre. Elikabide (janaria hartzeko jokabidea) estandarrik berez ez dago, hori aldatuko baita jatunaren gorabeheren (adina, osasuna, sexua, ideologia, ekonomia, erlijioa, orografia, lanbidea, garaia...) arabera: begetarianoa, naturista, krudiboroa, makrobiotikoa, frugiboroa, sinkretikoa, jai-girokoa, bijiliakoa, budista, islamikoa, judutarra, kristaua, koloniala, fast food-ekoa, slow food-ekoa, eko-elikabidea, etab. Nahasmendu gehien nozitzen dituena gazte jendea den arren, helduek eta zaharrek ere pairatzen dituzte gaixotasun mental horren sintomak, maiz gorabehera latzekin loturik (depresioak, psikosiak, ezbeharrak).
Ezagunenak, gure artean, alkoholismoa (edari alkoholdunetako etanola irensteko mendekotasun fisikoa, abstinentzia-sintoma gisa agertzen dena, edaterik ez dagoenean), anorexia mentala (an-orexia, apetiturik ez), bulimia (elikagai gehiegi behin eta berriz irentsi eta goitikatzea eta, tarteka, baraualdiak egitea), drunkorexia (gazteek hartu berri duten joera: edarietan irentsitako kaloriak konpentsatzeko, ordu askotan ez jatea), feedinga (bikotekideari janaraztea, gizendu dadin, inoiz morbido bilakatzeraino), gauezko jatuna (gauez ohetik jaiki eta 700 kaloria inguruko kontsumoa egiten du gaixoak), hiperfagia (gehiegi jatea baina gaixo honek ez du errudun jotzen bere burua eta ez du oka egiten), karpofobia (fruta hartzearen beldur izatea), merizismoa (gizakiak hausnarkariak bezala jokatzen du, elikagaiak irentsi, berrahoratu eta ostera mutxikatzea), neofobia eta neofilia (berria edo oraino ezezaguna den jaki oro ez jateko, haurretan ohikoa, edo jateko obsesioa), ortorexia (elikagai osasuntsuak soilik hartzeko obsesio patologikoa), pika (lurra, klariona, igeltsua, txirbilak, bikarbonatoa, almidoia, kola, intsektuak... jangarri ez direnak irensteko nahi geldiezina), polifagia (behin eta berriro errepikatzen den jate konpultsiboa, hozkailura-edo bisita ugari eginez), potomania (ura batik bat, etengabe edaten aritzeko joera eutsiezina), sitiomania (gaixoak sekulako elikagai pila hartu behar du bat-batean, ezinbestez), vigorexia (perfekzio fisikoaren bila dabiltzan pertsona batzuen gaitz hau anorexiaren antzekoa da), etc.
Eta kontsumismo jaunak ekarriko dizkigunak.
ELIKADURA. Okerreko elikabideak gure gizartean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu