Elikadura. Eko-tik

Elikagai ekologikoen eskaintza zabala

2012ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Euskadiko ekoizpen ekologikoa urtetik urtera handituz doa, eta horren adierazle hoberena da ENEEKren babesean dagoen produktu aukera zabala. Aurreko urteetako joerari jarraituz, operadore kopuruak %15 egin du gora (323 guztira); eremua, berriz, %11 handitu da (2011ko abenduko datua: 1.961 Ha). Araba, Bizkai eta Gipuzkoako jarduera produktibo ekologikoen banaketa hurrengoa da: 222 jarduera, ekoizpen begetaletarako; 70, abeltzaintzarako, eta 88, eraldaketarako. Hamahiru denda ere badaude izena emanda.

Eremuaren aldetik, Arabak dauka hektarea «ekologiko» gehien (%46); eragile kopuruari dagokionez, Gipuzkoa nabarmentzen da (%39 Gipuzkoan daude). Eraldatzaileen hazkundeak erakusten du produktu ekologikoen eskaintza nola zabaldu den: dagoeneko, 109 dira, 32 kategoriatan banatzen diren ehunka produkturekin.

Euskal Herrian, nahi duenak jatordu erabat ekologikoa —eta bertakoa— presta dezake, elikagai ekologikoen aukera ez baita barazkietan bakarrik. Ogi-labe artisau eta ekologikoak euskal geografian sakabanaturik daude, eta sagardo, ardo zein txakolinik ez da faltako. Haragi ekologikoa (behi, bildots, txerri, zaldi edota barraskilo) zuzenean merkaturatzen duten abeltzainak gero eta gehiago dira; gazta ekologikoa lortzea posible da—ardi, behi zein ahuntzarena—, eta baita jogurtak, arrautzak eta soja eratorriak ere. Barazki eta fruta kontserbei dagokienez, aukera zabala da, barazki-kontserba naturaletatik hasi eta mota guztietako fruta eta fruitu txikien marmelada edota jeleetaraino. Postrerako, gozoki ekologiko ederrak daude aukeran, eta infusioa gozatzeko, ezti ekologikoa.

Aipatu behar dira hazi, landare zein pentsu ekologikoak eskuratzeko dauden baliabideak ere. Izan ere, horiek gabe ezinezkoa da benetako nekazaritza ekologikoa egin ahal izatea. ENEEKn bi mintegi ekologiko daude sartuta (Gipuzkoan eta Araban), hazi-ekoizle bat eta abereen elikadura ekologikoa prestatzen duten bi pentsu-etxe (Bizkaian eta Gipuzkoan).

Hortaz, bada aukerarik Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian elikagai ekologikoak erosi eta kontsumitzeko. Norberaren herritik irten gabe, litekeena da baserritar ekologikoren bat topatu ahal izatea. ENEEKaren webgunean (www.eneek.org), eragileen erregistroa kontsultatzeko aukera dago. Beldurrak eta aurreiritziak eranzteko garaia da: elikagai ekologikoak ez dira luxua; kalitatea/prezioa eta ingurumen-zerbitzuak kontuan hartuta, elikagai ekologikoak ez dira garestiak. Beste aldetik, baserritar ekologikoek frogatzen dute eredu ekologikoan ekoitz daitekela. Zorionez, gizarteak gero eta ozenago eskatzen ditu elikagai garbiak eta bertokoak. Baina, ekoizpen ekologikoa etengabe handitzen ari bada ere, baserritar gehiago beharko lirateke ENEEKan, gizartearen eskari horri egokiro erantzun ahal izateko. Nekazaritza ekologikoa beharrezkoa da; elikagai ekologikoak beharrezkoak dira, eta dirutan balio dutena baino askoz gehiago ematen dute.

Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:

Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47

[email protected]

ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua.Tel.: 902-54 01 65

[email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.