Protestanteek Euskal Herrian izan duten presentzia askorentzako itzalpean geratu dela uste du Felipe Lobo Eliza ebanjelikoko artzainak. Historikoki ez dute sekula hedapen handia izan, baina garrantzi azpimarragarria izan dutela ezin da ukatu. Henrike VI.a Nafarroako erregeak, esaterako, Frantziako tronura iristeko bere protestante fedeari uko egin behar izan zion. Eta Joanes Leizarraga artzain kalbinistak, bestalde, Itun Berria euskaratu zuen XVI. mendean. Lehen haziak Euskal Herrian zabaldu baziren ere, ez zuen hedapen handirik izan, harik eta XIX. mendean Bilbon nazioarteko merkataritza portua egin zen arte.
Atzerritik etorritako merkatari haiek fede protestantea zabaldu zuten euskal langileen artean, baina inoiz ez zuten indar handirik izan. «Edozein modutan, gizarteari gogoratu egin behar zaio hemen protestanteek ere euren presentzia izan zutela», Loboren ustez. Fede protestantearen barruko korronte guztiak bere gain hartzen dituen komunitatea da Eliza ebanjelista, zeinak etorkinekin batera indar berri bat hartu duen. «Hego Amerikatik etorritako etorkin asko gure Elizara inguratzen da, handik fede katolikoarekin etortzen badira ere», dio Lobok. Azken denboraldian arazoekin dabiltza, ordea, «txanpinoi» deitzen dieten komunitateekin. «Edozein txokotan lagun talde bati otutzen zaio bertan komunitate protestante bat jarri nahi duela, eta ez dira guregana elkartzen», eta, ondorioz, horiek izan ditzaketen edozein arazok ebanjelistei eragiten diela azpimarratu du Lobok.
Laguntza eskasa
«Espainia herrialde laiko modura izendatuta dagoen arren, benetan ez da horrela. Elkar errespetatzen dugu, baina Eliza katolikoak baliabide ekonomikoak lortzeko modu ugari dauzka; guk, berriz, limosnak bakarrik jasotzen ditugu», dio Lobok.
Horregatik, «estatua gauza bat dela, eta Eliza beste bat dela esaten dugu guk», eta, horregatik, Elizak politikan duen esku hartzea ere kritikatzen du. «Guri normala iruditzen zaigu hainbat gairen inguruan estatuari berme batzuk eskatzea eta exijitzea, baina gobernuari eskatzen zaion bezala, oposizioari ere begiratu behar zaio», Loboren ustez.
Erlijio arteko harremanak
«Eliza ebanjelikoa harreman horietan sakontzen ari da, eta emaitza onak jaso ditugu», azaldu du erlijioen arteko harremanen inguruan. Musulmanekin izandako bileretan, esaterako, «euren gizarteetan egon daitezkeen akatsak onartu eta tolerantzian oinarritzeko eskatzen diegu», eta emaitza onak lortu dituztelaazpimarratu du Lobok.
Felipe Lobo. Ebanjelista
«Eliza ebanjelikoak limosnak bakarrik jasotzen ditu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu