Alberto Moncada. Soziologoa

«Eliza katolikoak intelektual jendea nahi zuen lehen, eta, orain, fanatikoak baino ez»

Opus Deiko buru nagusietako bat izan zen 1960ko hamarkadan, eta, geroztik, asko idatzi du erakundearen inguruan. Taldeak ezartzen duen zentsuraz mintzatuko da bihar Bilbon.

BERRIA.
Edu Lartzanguren.
2011ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Alberto Moncada (Melilla, Espainia, 1931) soziologoa da, munduko hainbat unibertsitatetan irakatsi du, eta UNESCO zein Europako Kontseiluarentzat aholkulari lanetan aritu da.Gaur, Mugarik Gabeko Soziologoak elkarteko nazioarteko presidentea da. Censura y Opus Dei hitzaldia emango du bihar, 19:00etan, Bidebarrieta kaleko liburutegian, Bilbon, Zentsura at! jaialdiaren barruan.

Opus Deiko kide izan zinen 1953tik 1969ra. Erakundearen aurkako herrak bultzatzen zaitu?

Ez, kontu zaharra da hura, eta zentsurakoa oraingo kontua da. 1940-1950eko Opusa ezberdina zen. Orduan, Espainian erlijioan bizi zen jendea, ez zegoen telebista edo dirurik. Unibertsitatean arlo intelektuala jorratzeko bide hori besterik ez nuen. Sei urteren buruan, berriz, ezeroso sentitzen hasi nintzen, batez ere sexuaren gaiarengatik. Hainbatetan saiatu nintzen joaten, baina eskaintzak egiten zizkidaten, besteak beste, Opusen Amerikako lehen unibertsitatea sortzea eta zuzentzea, Piuran [Peru]. Han hegazkina hartu, eta ospa egin nuen.

Orduan ez zegoen zentsurarik Opusen barruan?

Bai, noski. Soziologia ikasi nuenean ia ezin genuen ezer irakurri. Liburuak barruan zentsuratzen hasi zen Opus, eta orain zentsura sarea ezarri du, eta horrek tentsioa eragiten du barruan. Opuseko jendeak ez daki kanpoan gertatzen dena, ezin dutelako, esaterako, ia egunkaririk irakurri.

Bitxia da orain zentsura gogorragoa izatea frankismoan baino.

Hala gertatu da Opus pobretu egin delako. Orain duen indar bakarra euren eskola sarea da. Horietan lortzen dituzten bokazio bakarrak Opuseko gurasoen haurrak dira, eta 17 urte dituztenerako alde egiten dute, burbuilatik atera, eta euren kabuz pentsatzen hasten direnean.

Gaur nahi ez duenak ere informazio zaparrada jasotzen du. Nola da posible inor burbuila batean izatea?

Opuseko etxeetan bizi diren kideez ari naiz, ez ezkonduta daudenez. Sekta bat da, eta, beste sektak bezala, oso gogor kontrolatzen ditu kideak. Gaurko kide gehienak, gainera, erakunde beraren funtzionarioak dira: burokratak edo irakasleak.

Endogamia horrek adierazten du erakundea azkenetan dela?

Etorkizun latza du. Gizartean parte hartu behar zuen intelektual katolikoak sortzeko teoriak porrot egin die. Nafarroako Unibertsitateak ere itzala galdu du, publikoa egonda, dirurik ez dutenek publikoa aukeratzen dutelako. 1940-1950eko hamarkadan, unibertsitateko ikasleak errekrutatzen zituzten. Orain hori amaitu egin da, eta ume txikiak errekrutatu behar dituzte. Aita Santu poloniarrarekin arrakasta handia izan zuten, Escriva de Balaguer kanonizatu zielako oso azkar, eta apezpikuekiko independentzia estatutua eman zielako. Baina oraingoarekin ez dira horren ondo moldatzen. Numerarioen bizimoduaren zati bat Elizaren arauekin bat ez datorrela gogorarazten die.

Nafarroako kasua aipatu duzu. Joera orokorra jarraitzen du?

Bai. Diru aldetik ez doakie ondo. Agortzen ari zaie ohiko bezero iturria, eta ez zaie erraza egiten akademiko oso kontserbadoreak erakartzea, diruarengatik. Unibertsitate Klinika, esaterako, gatazka gunea da, antisorgailuak eta abortoa debekatzeak emakumeak kanpoan uzten dituelako. Eliza katolikoaren bezeroak aldatu egin dira, garai bateko intelektualak galdu dituzte. Horien ordez, atxekimendu emozionala dutenak nahi dituzte orain, hau da, fanatikoak. Horrek izugarri aldatuko du Elizaren soslaia, eta erabat bazterrean utziko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.