«Elizako goi mailako buruen isilkeriaren aurka gaude»

Ia gotzaina bera baino ezagunagoa da Bizkaiko kristauen artean. Jesus Garitaonandiak eliztarren parte-hartzea aldarrikatzen du.

Ibai Maruri Bilbao.
2010eko urriaren 3a
00:00
Entzun
Sakristian erantzun ditu Jesus Garitaonandia Begoñako basilikako erretoreak BERRIAren galderak. 09:00etako meza eman berri du, fededun talde handi batentzat. «Parrokiak husten ari dira, eta santutegiek, berriz, jendea erakartzen dute oraindik ere. Beste elizek ez duten espiritualitate bat dutela dirudi». Gerturatzen zaizkienen artean egin beharreko ebanjelizazioa da haren kezketako bat.

Zelan Baiona aldetik?

Irailean izan naiz. Iparraldezalea naiz, eta azkenaldian oporretan joaten naiz, frantsesa praktikatzeko. Bestalde, Baionan meza bakarra ematen da euskaraz, igandeetan, San Andres parrokian. Han egoten naizen hiru asteetan meza hori ematera joaten naiz. Iaz 09:30era aurreratu zuen parroko berriak. Ez da ordu ona, eta ordutegi egokiagoa eskatzen dute fededunek.

Zer esango zenioke Frantziako turista talde bati, ibilbide gidatu baten barruan euskarazko meza hori entzutera eramango balituzte, turismo eskaintza baten moduan?

Egia da, euskara folklore moduan hartzen dute. Baina has gaitezen hasieratik: Frantziak ez du Euskal Herria aintzakotzat hartzen. Ez da existitzen.

Bizkaiko eta Lapurdiko kristauak ezagutzeko aukera ematen dizute oporrek. Desbedinak al dira?

Antzeko kezka eta arazoak ditugu. Hala ere, beharbada, Iparraldeko herri txikietan hobeto mantentzen dute fedea. Horrekin ez dut esan nahi Bizkaian mantentzen ez dugunik, baina hemen azken 30 urteetan krisi sakon batean gaude.

Han zinela, Igor Antonek erorikoa izan zuen Espainiako Vueltan.

Pena handia hartu nuen. Tourrera joan aurretik bedeinkapena eskatzen didate. Baina ez magia moduan, e! Nik esaten diet: 'Aprobetxa dezagun une hau Jainkoarengana gerturatzeko, laguntasuna eskatzeko. Baina kontuz, mutilak, hemen ez da Ama Birjina bizikletan ibiliko, e! Zeuek ibiliko zarete'. Kirolean ondraduak eta zintzoak izateko eskatzen diet.

Urriaren 11n Begoñako Amaren jaia ospatuko da, eta Mario Izetak Bilboko gotzain kargua hartuko du.

Aukeratu zutenean zoriondu egin nuen, besarkada bat emanez. 'Zu zara gure gotzaina, eta nik aintzakotzat hartzen zaitut', esan nion. Baina gogorarazi nion nuntzioari gutuna bidali geniola. 'Ez daukat ezer zure kontra. Elizako goi mailako buruek darabiltzaten bide-zidor eta isilkerien aurka gaude'. Zergatik ez du parte hartu behar gure elkarteak gotzaina aukeratzerakoan?

Emakume bat zain duzu kanpoan. Semeak eta haren mutilak Jainkoaren aurrean ezkondu nahi dutela esan nahi dizu.

Ezin ditut ezkondu, baina Jainkoaren bedeinkazioa nahi badute, ez diet ezetzik esango. Zoriontsu izan daitezela. Elizak ez die ukatzen homosexualei elkarrekin bizitzea, baina bai sexu harremanak izatea. Nik kastitatean bizitzeko aukera egin nuen. Horiek ez. Berez dira homosexualak. Eta euren arteko maitasuna sexu harremanetan ere agertu nahi dute. Denok dakigu sexua bi pertsonen arteko maitasuna berotzeko ezinbestekoa dela. Horrelako arau batek heroiak izateko eskatzendie: elkar maita ezazue, baina sexu harremanik izan ez. Eta Jainkoaren legeak ez daude eroientzat eginda. Elizak hori aztertu behar du: zelan zabaldu bidea homosexualei?

Zer salbatuko da lehenik, hizkuntza ala fedea?

Fedea euskaraz salbatu nahi nuke. Nire gurasoek euskaraz maite zuten elkar, eta niri berbarik gozoenak euskaraz esan zizkidaten. Lehen otoitzak euskaraz egin nituen. Begoñako gaztelerazko mezetan ere euskara sartzen dugu.

Zertarako irakatsi behar da erlijioa eskolan?

Begoñazpi ikastolan meza ematen dut urtean lautan. Nagusitzen doazenean, 'mezara nahi badugu joango gara', esaten dute batzuek. Ados; zure erabakia da. Guk dagoena erakutsiko dizugu, zeuk aukeratu dezazun. Ezagutzen ez duzun zerbait ezingo duzu inoiz aukeratu.

Egunkari bateko binetan Jesusen «utziezue nigana gerturatzen» eta pederastia kasuak elkartu dituztela ikusi nuen lehengoan.

Negargarria da gertatutakoa. Delitu zibila da, eta epaileek epaitu behar dituzte. Halere, niretzat auzi horietan garrantzitsuena biktimei eragindako kalte psikologikoa konpontzea da, konpontzerik baldin badago. Hori bai, kazetarioi esan nahi nizueke, zoritxarrez, Elizatik kanpo ere badagoela pederastia.

Aurten hildako Francesco Cossiga Italiako presidente izandakoa Bilbora etortzen zen aldiro Begoñako euskarazko meza entzuten zuen.

Bai, sarri izaten genuen gurean. Alderdi Demokristauko kide zen, eta harreman estua zuen EAJ eta Xabier Arzalluzekin. Gertutik jarraitzen zuen Euskal Herriko politika.

Gaur egungo giro politikoa ezagutu izan balu, zer esango luke?

Bat etorriko litzateke Bruselako agiriaren sinatzaileekin. Orain arteko bake prozesuek huts egin dute. Baina bide hori behin betiko ixteko arrazoi nahikoa al da? Arazo hau elkarrizketaren bidez argituko da. Garaitu egin behar dela esaten dute Madrilen. Francok gerra irabazi zuen. Bakea ekarri zuen? Garaipenak ez dakar bakerik. Eta ETAk ere hausnartu behar du ea 50 urteotan zer lortu duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.