EITBren Sorrera Legearen bederatzigarren artikuluaren erreforma eskatuko du Elkarrekin Podemos taldeak, honako helburuarekin: "Administrazio kontseiluak horixe egin ahal izan dezan: erakundea administratu. Kontratuen, izendapenen, lan politikaren eta bestelakoen kontu eskea egiteko aukera izan dezan".
Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide Eukene Arana gogor mintzatu zen atzo EITBren kontrol batzordean. Gaur harago jo dute Aranak eta Andeka Larrea koalizioko komunikazio idazkariak. Iragarri dute legez besteko proposamen bat erregistratuko dutela, Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiaren dimisioa eskatzeko. "Onartezina da EITBko zuzendaritzak proiektu bat ez edukitzea, bere planek sinesgarritasunik ez izatea, historiako ikusle datu txarrenak izatea eta bere kudeaketak ardura hartu zuenetik diru publikoaren galera handiak eragin izana". Azken alor horri dagokionez, gizarte segurantzaren ikuskapenen ondoriozko isunak, abokatuen minutak eta lege iruzurrean kontratatu zituzten langileak berriz laneratu behar izatea aipatu dituzte, besteak beste.