Euskara inoiz baino gehiago entzun da asteazken arratsaldean Radio Euskadin, Alberto Irazuk egindako hautu baten eraginez. Urrian Rocka puntua! liburua aurkeztu zuen Irazuk. Rockaren eta bertsoaren hartu-emanen gaineko saiakera bat da, kronika estiloan eta fikzioaren jokoa uztartuta. Liburuaren inguruko hamaika elkarrizketa ematen ari da azkeneko asteetan Irazu, eta ia-ia guztiak euskaraz. Gaztelaniazko hedabideetan ere euskaraz aritzeko hautua egin du Irazuk, eta Radio Euskadin Galder Perez esatariaren konplizitatea aurkitu du.
Elkarrizketa elebiduna egin dio Perezek Irazuri. Perez gaztelaniaz aritu da, ohiko moduan. Irazuk, berriz, euskara hutsean eman ditu azalpen guztiak. Jose Mari Iriondok Uztapideri rocka eta twist gaia gaia jarrita, "penaz" Uztapidek eman zuen erantzuna. Horra lehen puntua. Mixel Labegeriek gitarra batekin kantatzeagatik "epelak" entzun zituela oroitarazi du Irazuk. Xalbadorrek 1967an jasotako txistuez galdetu dio Perezek liburuaren egileari. Errobi musika taldera jo dute geroago. Izan ere, Errobiren lehen diskoan, euskarazko aurreneko rock diskoan, bertsoa sartu zen —Martin Landarten bertsoak—. Gure lekukotasuna kanta jarri du Perezek, eta esaldi laburren bat euskaraz ere egin du esatariak. "Euskara aldatu zen, hirian sartu", oroitarazi du Irazuk. 1980ko hamarkadara jo, eta gonbidatuak Xabier Montoiaren orduko esaldi bat gogoratu du: "Punka izateko, euskaraz izan behar du punkak". Hainbat kantari, bertsolari eta musika talde aipatu dituzte elkarrizketa elebidunean: Jon Sarasua, Jon Maia, Hertzainak, Kortatu, Negu Gorriak, Exkixu, Gu ta gutarrak... 1990ko hamarkadan, bertsolariak oholtza gainean eta bertsolariak taldeentzat letrak idazten. Irazuk nabarmendu du euskaraz rocka egitea normalizatu dela egun —iaz 150 disko euskaraz—, baina bere garaian euskaraz egiteagatik burla egiten zietela rockeroei, "beste alor batzuetakoei bezala". Elkarrizketaren amaieran, Irazuk nabarmendu du euskara musika estilo guztietan sartzea "funtsezkoa" dela.
Elkarrizketan zehar, Perezek gaztelaniaz laburbildu ditu elkarrizketatuak euskaraz ematen zituen erantzunak. Elkarrizketa arin eta entzungarria izan da. Rockaz eta bertsoaz. Euskaraz eta Radio Euskadin. Esperientzia berriro errepikatuko den, ikusteko dago. Entzuteko.
Edonola ere, ez da lehen aldia saiakera hori Radio Euskadin egiten dutena. Iazko apirilean, Dani Alvarezek Amets Arzallus bertsolaria elkarrizketatu zuen ETAren armagabetzeaz; Alvarezek gaztelaniaz egin zituen galderak, eta Arzallusek euskaraz eman zituen erantzunak.