1968an sortu zen Leok'k musika taldea, Zestoan (Gipuzkoa). Lau urtean ibili ziren kontzertuak ematen, 1972an taldea desegin zen arte. Orain, elkarte bilakatu dira, eta Sahararekiko elkartasunezko rock kontzertuak ematen dituzte. Mutrikuko (Gipuzkoa) Goiko Plazan izango dira gaur, 23:00etan.
Une bat... diskoaren salmentetatik eta egindako emanaldietatik lortutako irabazi guztiak SEBN Saharar Emakumeen Batasun Nazionala erakundera bideratzen dituzte. Izan ere, errefuxiatuen kanpalekuetan, saharar gizon gehienak mobilizatuta daude, eta emakumeek lan handia egiten dute Saharako herriaren garapenean. Marokoren erasoen ondorioz, saharar asko Aljeriako basamortuko kanpalekuetan herbesteraturik bizi dira. Hori dela eta, Leok'k elkarteak elkartasuna adierazi eta laguntza ematen die Saharako herriari eta, bereziki, Saharako emakumeei.
Kontzertuetan, Saharako egoeraren berri eman eta euskal gizartea sentsibilizatzeko mezuak bidaltzen dituzte. Haien abestien bidez, basamortuko bizimoduari eta Saharako emakumeei erreferentziak egiten dizkiete. Une bat... diskoan grabatutakoak eta 70eko hamarkadako ingelesezko abestiak abesten dituzte, euskaraz.
ELKARTASUNEZKO ROCK KONTZERTUA
Noiz. Gaur, 23:00etan.
Non. Mutrikuko Goiko Plazan (Gipuzkoa).
Elkartasunezko euskal rocka
Saharako herriaren inguruko sentsibilizazioa bultzatzeko kontzertuak ematen ditu Leok'k elkarteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu