Elurraren xehetasunak

Elur-jausiak izateko zenbateko arriskua dagoen aztertzen du Dominic Font geologo eta elur adituak, eta Belaguako mendatea zaintzeko kontratatu du Nafarroako Gobernuak.

Elur aditu batzuk, elur-jausiak egoteko arriskua jakiteko neurketak egiten. GEONIVAL.
Inigo Astiz
Iruñea
2012ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Badu halako oihartzun poetiko bat haren lanbideak. Elur aditua da Dominic Font, baita geologoa ere. Onartzen du rara avis bat dela. Izan ere, barea da elurra gehienontzat; dena zuri eta dena homogeneo. Hamaika izen du berak, ordea, elur mota bakoitzarentzat. Ale ezberdinak daude, dioenez. Itxura baino ez da elurraren baretasuna, eta guztiz bestelakoa da errealitatea barrutik. Mugimenduan dago beti, tentsioan, eta neurtu egin behar dira faktore horiek elur-jausirik gertatzeko arriskurik baden jakiteko. Horretan aritzen da bera. Herrialde Katalanetan eta Espainian egiten du lan, nagusiki, baina baita Euskal Herrian ere: Pirinioetan. Belaguako mendatea zaintzeko kontratatzen du Nafarroako Gobernuak. Aurreko astean izan zen han, eta ez daki noiz itzuliko den. Dioenez, une oro erne egoteko sasoia da hau beretzat; belarri bat beti eguraldi aurreikuspenei adi.

Historia bat badu elurrak, eta xehetasunen garrantzia azpimarratzen du Fontek. «Eguraldi hotz-hotzean edo eguraldi epelean egindako elurra ez da berdina, ezta haize handiko egunetan edo haizerik gabekoetan egindakoa ere. Oso garrantzitsua da azken egunetan gertatu denaren azterketa historiko bat egitea». Geruzaz geruza aztertzen dute horregatik elurra Font eta lankideek. Hala jakiten dute zer egoeratan dagoen, eta hurrengo egunetan zer eguraldi egingo duen kontuan hartuta kalkulatzen dute elur jausiak gertatzeko zer arrisku dagoen.

Ez zuri, ez beltz

«Ez dago fenomeno naturalak aztertzen dituen zientzia zehatzik, eta hau ere ez da zientzia zehatz bat», dio Fontek. Oharkabean, oihartzun poetikoa hartzen dute haren hitzek azalpen sakonagoa ematen hasten denean. «Elurbizi arriskua nabarmena eta argia denean oso erraza da elur-jausiak egongo direla jakitea, baina egoera zuri edo beltza izan beharrean grisa denean, orduan izaten ditugu zalantzak». Esperientzia da giltza, dioenez, baina hori ere beti da gutxiegi. «Tarteko egoera horietan zaila da zer gertatuko den jakitea. Berdin du 50 edo 100 ikerketa egin dituzun. Beti falta zaizkizu gehiago».

Xumeak dira erabiltzen dituzten lan tresnak. Pala bat, labana bat, metro soka bat eta zerra bat; ez askoz gehiago. Ez dute gehiago behar. Aztertu beharreko malda osoaren erakusgarri izan daitekeen gune bat hautatzen dute lehenik, eta haren lagin bat moztu eta aztertzen dute ondoren. Elurbiziak gertatzeko arriskua zehazten duten perfil batzuekin alderatzen dituzte emaitzak, eta menditik jaisterako zehaztuta izaten dute elur-jausiak izateko arrisku maila. Zerotik bosterako eskala bat erabiltzen dute.

Paisaiari begiratzea ere oso garrantzitsua da, Fontek dioenez. «Elur horrekin zer pasatzen den ulertzeko arrasto asko eman ditzake inguruak berak. Zuhaitzetan elurra pilatu den ikusita, adibidez, jakin liteke elurra egonkor dagoen edo ez. Noski, beti ez da halako aukerarik. Maiz, lainopean edo sekulako haizetearekin suertatzen zaigu lan egitea».

Elur aditu izanik ere, halakoetan ezin zuria zuritik bereizi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.