Pipermina du Fermin Paularenak odolean. Beti da albiste iturri; beti zerbait egin beharrez, ezin sekula geldi egon. Festazale bezain kirolari da, eta denetarik egin du: bizikletan aritzen zen garai batean; goitibeheretan buru-belarri murgilduta dabil aspaldi; eta bobsleigh izeneko bala itxurako elur leretan ibiltzeko ikastaroa ere egin zuen iaz Austrian, talde bat osatu eta 2014ko neguko olinpiadetan parte hartzeko asmoz. Baina orain baietz dio, aurkitu duela bere kirola, hau dela erabatekoa: elurretako bizikleta, ktrak izenekoa. «Gauza mordo bat probatu dut, eta batek ere ez nau orain arte bete, baina honek bai. Oso intuitiboa da, eta oso adi egon beharra dago. Txirrindularitza gustatzen zait, elurra ere bai, eskia ere bai, eta dena bizikleta bati esker egin ahal izatea ikaragarria da».
Ohiko txirrindu bat du oinarrian ktrak bizikletak. Aurreko gurpilaren ordez, ski moduko bat jarri, eta atzeko gurpilari trakzio sistema berezi bat gehitu; besterik ez da egin behar ohiko bizikleta elurretako bizikleta bilakatzeko. «Autoari kateak jartzearen moduko zerbait», dio Paularenak.
Erdiz eskiatzea bezalakoa eta erdiz bizikletan ibiltzea bezalakoa da ktrak bizikleta haren hitzetan. «Eskuekin eskiatu egiten da, eta oinekin pedalei eragin, eta oreka lortzeko bi kirolen teknikak nahasi behar dira. Zirraragarria da».
Kanadan sortu zen ktrak bizikleta, eta nahiko hedatuta dago han. Baina Euskal Herrira orain gutxi heldu da. «Bakarren batzuek baino ez zituzten elurretako bizikletak hemen duela gutxira arte, baina hasia da afizioa pizten», dio Paularenak. Azkar hedatuko dela uste du, gainera. Badu horretarako nahikoa osagai, dioenez: balio dezake toki zelaietan ibiltzeko, malda ez gogorrak igotzeko eta aldapan behera joateko. «Hemen txirrindularitzaren eta mendiaren zaleak gara, eta biak batzen ditu ktrakak».
Ezagunago egitea falta zaio, agian, jendeak oraindik ez baitu bizikleta sekula ikusi. Ezagun egiten joan ahala, ordea, orduan eta jende gehiagok erabili nahiko duela dio Paularenak. Eta lan horretan dabil bera orain. Hedabide ia guztietan agertu da, behintzat, bere bizikletaren argazkia. Nahi gabe, dioenez.
Ustekabean ateratako argazkia
«Ezusteko bat izan zen», ematen du azalpena. «Iaz heldu zitzaizkidan bizikletarentzako piezak, baina ezin izan nuen kasik erabili. Horregatik, aurten, lehen elurtea heldu, eta berehala joan nintzen mendira, Ibañetako gainera. Bost bat pertsona baino ez ginen han. Guardia Zibil patruila bat, elurra kentzeko makina, lehen elurtearen argazkiak ateratzera joan zen Jesus Diges argazkilaria, lagun bat eta ni. Beste inor ez. Bizikleta hartu nuen, eta argazkiak atera zizkidan Digesek. Hark irudi hura batera eta bestera bidali, eta gerora dei mordoa jaso dut hedabideetatik. Kasualitatez egin dut, beraz, ezagun bizikletaren irudia. Baina ea kirola hedatzen laguntzen duen».
Internet bidez eskura daitezke bizikletarentzako piezak, eta 500 bat euro balio dute.
Elurretako bizikleta
Eskia eta txirrindularitza batzen dituen kirol mota berri bat ekarri du Fermin Paularena iruindarrak Euskal Herrira: elurretako bizikleta. Bera da zale bakarretariko bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu