Emakume artisauen plaza

Landakora bezala, Durangoko udal merkatura ere milaka lagun bertaratzen ari dira egunotan Gabonetako opari bila, eskulangileen XV. Euskal Dendara

Mikel Carramiñana.
Durango
2010eko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Liburu eta disko azoka, urtero bezala, Olentzeroren lana erraztu eta aurreratzen ari da. Kultura, alabaina, letra eta soinuen mundutik harago doala ikus daiteke Durangon egunotan. Izan ere, Landakokoa ireki aurretik, XV. Euskal Denda dago zabalik, ostiraletik. Idazleak edo kantariak ez diren bestelako artistak biltzen dira bertan, haien produkturik onenak bisitariei eskaintzeko asmoz. Aurki daitezkeen oparirik berezienetakoak dira hangoak, Euskal Herriko eskulanaren emaitza direlako; emakumeen eskuen emaitza batez ere, aurtengo parte-hartzaileen artean hamarretik ia zortzi baitira emakumezkoak.

Urtero bezala, Durangoko udal merkatuak hartu ditu Euskal Dendaren 66 saltokiak, eguraldiaren gorabeheretatik babesteko. Askotariko eskulanak eros daitezke bertan: zeramika, eskuz jositako pilotak, jantziak eta apaingarriak, esaterako. Euskal Herriko jakirik onenak ere eskura daitezke; euskal pastela, baserriko gazta, ahatekia edota txokolateak. Buztinez eginiko panpinatxoak ere ikus daitezke, Bizkaiko Meatzaldetik etorritako Celia Reciok saltzen dituen modukoak: «Figura bakoitza guztiz desberdina da, ez baitago molderik, den dena eskuz egiten dugu». Euskal Dendara lehen aldiz etorri den hamalau eskulangileetako bat da Recio, eta pozik dago, «askok liburu azokara joan eta, ondoren, hona etortzeko ohitura dute, eta produktua harrera ona izaten ari da».

Eskulangileen azokan gehiagotan izan da Cesar Alkoz nafarra, Markina-Xemeinen tailerra ireki zuenetik. Familiatik datorkio burdina eraldatzeko trebezia, «aita hasi zen lanbidean, eta anaiek jarraitzen dute Nafarroan». Euskal Dendan egoteari ezinbestekoa deritzo bezeroekin nahi duen harremana jorratzeko, «nirea ez da asko saltzea, enkarguak biltzea baizik». Haren lanetako batzuk Durangora eramaten ditu, eta gainerakoa ordenagailuan erakusten die bisitariei; «jende asko dator; galderak egiten dizkidate, eta nire txartela hartzen dute». Inguruko saltzaileek ez bezala, arrakasta azoka amaitu eta hilabete batzuetara neurtzen du Alkozek.

Artisautza zu zeu zara! leloa darabil Euskal Dendak aurten, publikoa erakartzeko. Bernat Vidal eskulangileen Arbaso elkarteko presidentea baikor azaldu da azokak azken hamabost urteetan izandako bilakaerarekin: «Ahalegin guztiak egin behar ditugu azoka orain arte izan den guztia izaten jarraitzeko».

Aldatzekotan, eskulangintzan emakumeek izan duten lekua aldatu beharra dagoela uste du Vidalek, eta, horrexegatik, aurtengo Euskal Dendak leku berezia egin die, «beren lana ezagutarazi behar dugu». Saltokietan nagusi izateaz gain, bi erakusketa antolatu dituzte emakume artisauen lana bisitariei erakusteko. Lehenengoak egurra hainbat modutan lantzen duten zenbait emakumeren lana plazaratu du, eta bigarrena Errenteriako Xenpelar tailerreko ekoizpenaren berri ematen duten patchwork erakusketa da, emakumeen etxeko lanaren berri ematen duena.

Iaz baino sei eskulangile gehiago daude aurtengo azokan, gehienak bizkaitarrak. Horrez gain, lehengo aldiz ekarri dute Iparraldeko jakiak eskaintzen dituen ekoizle bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.