J oan den ostiralean, Bilbon, Fekoorreko Berdintasunerako Emakumearen Komisioak Emakume eta Gutxitasun Fisikoaren Foroaren inguruko jardunaldi batzuk antolatu zituen.Sexuatu gabekoak? Gutxitasun fisikoa duten emakumeen eskubide sexualak eta ugaltzekoak zen izenburua. Emakumeon erotika ardatza izanik, beste profesiodunen artean nire lana konpartitzeko gogotsu nintzen.
Hantxe hainbat guraso, seme- alabak, begiraleak, lagunak, pedagogoak, ikasleak, psikologoak, medikuak, irakasleak, erizainak, gurpil aulkidunak eta gurpil aulkirik gabekoak… Denak ere sexudunak, bakoitza bere modu zoragarri eta aberasgarrian. Denak entzuteko prest eta ikasteko prest. Denak ozen eta garbi ondoko hau esateko: aulki gurpildunek, makuluek eta, oro har, gutxitasun fisikoek ez dutela zertan inoren erotika ezabatu. Izan ere, benetako muga bakarrak gure buruan eraikitakohesi arkitektonikoak baino ez dira.
Edozein emakumeren sexualitate eta erotikaren hazkuntzari dagozkion oztopoak areagotu egiten dira aniztasun funtzionalarekin bizitzen diren emakumeen kasuetan.
Aurreiritziak
Gizartean, familietan, osasungintzan eta hezkuntzan, besteak beste, izan ohi dira aurreiritziak. Ondoko hauek dira gehien entzun daitezkeen aurreiritziak:
Sexuatu gabekoak dira eta ez dira sexualak. Haien sexualitatea ezin da garatu.
Euren gorputzek mina besterik ez dute sortzen, gozamena ezinezkoa da.
Gorputza, eurena baino gehiago, familiarena eta medikuarena da.
Ez daukate desio erotikorik, eta edukitzekotan, ezin dute gauzatu.
Haientzat, haurdunaldiak oso arriskutsuak dira. Ezin dute umerik eduki.
Baina berdin da zer motatako gutxitasun fisikoak ditugun. Sexudunak, sexualak eta erotikoak gara, nahi eta nahi ez. Hori gure baitan dagoen ezaugarria da.
Azala gozamenerako errezeptorez josita daukagu, eta beraz, plazeraren eremua azalaren bestekoa da. Dena ez dago hankartean.
Sentsazioak ez dauzkagun lekuak aurki eta garaditzakegu, eta plazeraren intentsitateak areagotu.
Sentsaziorik ez dugun lekuak oso kitzikagarriak izan daitezke. Adibidez, bagina sentsatu ezean lubrikatuta egon liteke, eta hori oso kitzikagarria izan daiteke. Bestalde, nire bikotekideak aluarekin jolasten gozatzen duela jakitea oso gustagarria izan liteke.
Masturbatzeko, orgasmoak sentitzeko, harreman erotikoak izateko, eta, kasu askotan, koitoa gura izanez gero ere egiteko gai gara.
Fantasia eta irudimena gauzatzeko bideetan ez dago inolako mugarik.
Beharrezkoa
Sexuen heziketa eta aholkularitza sexologikoa behar dugu geure burua garatzeko. Emakume eta gizon bakoitzaren aldagarritasun erotikoari eta aniztasun funtzionalari dagokiona kontuan izanda.
Formakuntza sexologikoa beharrezkoa da hainbat alorretako profesiodunentzako: familia medikuak, psikologoak, irakasleak, etxeetako eta aisialdirako begiraleak, urologoak, ginekologoak, erizainak…
Familian eta osasungintzan intimitatea bermatu behar da: biluzten laguntzen badituzue, galdetu ea zelan gura duten biluztea. Esaiozue non, zelan, zerekin eta zertarako ukituko duzuen…
Lagundu euren pribatutasuna garatzen: utzi lasai asko eta bakarrik euren logeletan, lagundu ohean jartzen eurek gura duten moduan, gerturatu behar dituzten gauzak (jostailu erotikoak badira ere, bestelako gauzekin egiten dugun moduan egin).
Jolas dezagun gure gorputzeko izkina guztiekin, aulkian bazaude igurtzi aulkiaren kontra eta eutsi iezaiozu zure desioari, beldurrak agertu arren. Beldurrak gure ezinbesteko bidaideak dira.
Gorputzak elkartzearen posturetan ikertzea ezinbestekoa da, ondo pasatu eta barre asko egin, bidean txoko gogokoenak aurkitu arte.
Laguntza behar izanez gero, eskatu. Sexual assistant deritzona sarri erotika garatzeko ezinbesteko laguntzaile trebea izaten da. Euskal Herrian oraindik figura hori ez dago oso zabaldua, baina AEBetan eta Europako iparraldean aspalditik existitzen dira.
Teknologia berriak gure esku daude: Interneten lagunekin geratzeko, lagun berriak egiteko, gure emozioak eta desioak bideratzeko leku oso interesgarria da. Jostailu erotikoak, DVDak, aldizkariak, liburuak… Edozelako materiala erosteko leku aproposa da.
Ikusteko
Badira gaiari lotutako hainbat film interesgarri. Camara Oscura jada zinema aretoetan dago. Bestalde, The Sessions aurki izango da ikusgai. Realidades ajenas Youtuben ikus daiteke.
Ken ditzagun buruan dauzkagun aulkiak!
Osasuna. Sexologia
Emakumea, erotika eta aniztasun funtzionala
Gizartean zabalduta dauden hainbat aurreiritziren kontra, aniztasun funtzionala duten pertsonek ere sexuaz goza dezakete. Izan ere, benetako muga bakarrak norberaren buruan eraikitako hesiak besterik ez dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu