Marie Curie da ezagunena, baina ez da bakarra. Orokorrean gizonezkoena izan da zientziaren mundua, baina mendeetan emakume ugari saiatu dira beren bidea jakintzaren hainbat adarretan egiten. Baita lortu ere, errezeloz begiratzen zieten kideen onespena jasoz. Oztopo ororen gainetik, astronomiaren adarrean aurrera egin zuten emakumeak gogoratzeko, Astronomia Emakume erakusketa jarri dute Bilboko Bizkaia Aretoko Txillida gelan. EHUk bultzatu du ekimena, eta azaroaren 11ra arte zabalik egongo da.
Zerura begira jarri, eta kosmosak gordetzen dituen sekretuekin liluraturik bizi ziren erakusketako protagonistak. Lilura hori ogibide bihurtu zuten arte. Kristo aurretik II. mendean bizi zen Aglaoniketik hasita —ilargi eklipseak iragarri zituen—, astronomiaren historian ikerkuntza garrantzitsuak egin zituzten hamaika emakumeren adibideak bildu dituzte. Besteak beste Caroline Herschel, XVIII. mendean kometak eta nebulosak aurkitu eta izar bikoitzak aztertu zituen emakumea; Henrietta Swan Leavitt, historiako lehenengo kosmologoa; Cecilia Payne-Gaposchkin, izarrak batez ere hidrogenoz sortuta zeudela igarri zuen lehen zientzialaria; edota Nancy Roman, NASAn lanpostu exekutiboa izan zuen lehen emakumea.
30 zientzialari baino gehiagoren biografia laburra osatu dute, haien lorpenik handienekin. Historian zehar izan direnen isla ñimiñoa. Gehienak XX. mendean sortutakoak dira, azken urteetan generoen arteko berdintasuna lortzeko urratsak egiten ari diren seinale, alde batetik; baina, baita ere azken ehun urteetan zientziak aurrerapauso erraldoia eman duelako, eta aurkikuntzak bata bestearen atzetik datozelako.
Hiru ataletan banatu dute erakusketa. Batetik, hamahiru informazio panel daude aretoan zehar sakabanaturik. Astronomiaren historiaren eboluzioa, eta horren garapenean emakumeek izan duten eragina azaltzen dute. Azterketa hori osatzeko, zazpi modulu interaktibo jarri dituzte, emakume horien zeregina eta haien lanaren garapena zuzenean aztertu ahal izateko. Ikusgarritasunaren bila, Alejandro Amenabarrek zuzenduriko Ágora filmaren atrezzoa dago aretoan. V. mendeko Hipatia Alexandriakoa matematikari eta astronomoaren bizitzaz dihardu pelikulak. Hala, astronomiako antzinako instrumentuen eta eskulturen erreplikak ekarri dituzte Bilboko erakusketara.
Erakusketa aberasteko hainbat ekitaldi osagarri antolatu dituzte. Besteak beste, hurrengo asteartean astronomiari buruzko hitzaldia emango du Javier Armentia Iruñeko Planetarioko zuzendariak, eta hilaren 28an Ágora filmari buruzko mahai ingurua egingo dute.
Unibertsoaz gehiago ikasteko
Emakumeek zientzian eta astronomian izan duten garrantzia defenditzeaz gain, kutsu didaktikoa ere badu erakusketak. Hala, panelen bidez bisitariek unibertsoaren sorrera nolakoa izan zen ikasiko dute, eta bertan sortu diren izarren bizitza eta heriotza nola gertatzen den. Galaxien funtzionamendua, eguzki sistemaren ezaugarriak eta planeten arteko desberdintasunak ere ezagutzeko aukera dago. Horrez gain, astronomiak kulturan izan duen inpaktuaz ere badihardu erakusketak.
Emakumea, zerura begira
Astronomia gizartera hurbiltzeko, eta emakumeek zientziaren arlo horretan izan duten garrantzia aldarrikatzeko, 'Astronomia Emakume' erakusketa jarri dute Bilbon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu