Emakumeak, hizki artean

Literaturan emakumeak izan duen garrantzia argitara ateratzeko, erakusketa bat antolatu dute Bilboko Alondegian. Hamar idazle andrazkoren berri ematen da panelen bitartez.

Emakumeak eta literatura erakusketako bi panel Bilboko Alondegian. MARISOL RAMIREZ/ ARGAZKI PRESS.
Ilargi Agirre.
2012ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Bat ez dela emakume jaiotzen, emakume egin egiten dela idatzi zuen Simone de Beauvoirrek Le deuxiéme sexe (Bigarren sexua) izeneko liburuan, 1949an. Saiakera filosofiko horrek izugarrizko sona eta arrakasta lortu zuen berehala, eta berdintasunerako feminismoaren oinarrizko obra bihurtu zen. Emakumeak eta literatura erakusketako protagonistetako bat da Simone de Beauvoir. Hamar idazle emakumezkoren bizitza eta lana ezagutzeko modua dago Bilboko Alondegiko mediatekan. Martxoaren 21a arte egongo da ikusgai.

Emakumeen Eguna, martxoaren 8a gertu dago, eta horren harira antolatu dute erakusketa Bilbon. Nazioarteko nahiz Euskal Herriko literatura garaikidean erreferente izan diren hamar idazle hautatu dituzte. Askotariko garai eta estilotakoak. Hara biltzen denak, besteak beste, honako idazle hauen berri izango du: J. K. Rowling —hark asmatua da Harry Potter, mundu osoan ezagun egin den magoa—, Isabel Allende, Gloria Fuertes, Jasone Osoro, Mariasun Landa, Maryan Keynes, Miren Agur Meabe, Txaro Arteaga, Lucia Etxebarria eta Simone de Beauvoir.

«Erakusketaren helburu nagusia da azaleratzea emakumeek zer garrantzi izan duten literaturan. Nabarmentzeaandrazkoek ere beren pisua izan dutela itxuraz gizonezkoak nagusi diren mundu horretan», azaldu du Cristina Arana Mediatekako erabiltzaileentzako arduradunak. Horretarako, Alondegiko espazio bat hautatu dute, orain arte erakusketetarako erabili gabea. «Mediatekako hirugarren solairuan jarri dugu, Medialab3 aretoan. Oso toki aproposa da, gisa honetako erakusketa txikiak hartzeko. Lekuari bizitasuna ematen dio», gaineratu du Aranak. Koloretako hamar panel handik osatzen dute erakusketa, idazle bakoitzeko bat. Euren obrari buruzko hainbat azalpen labur, euren hainbat esaldi ospetsu, eta euren bizitzaren inguruko hainbat zertzelada ageri dira, modu argi eta errazean aurkeztuta. Idazleen lau edo bost liburu ere badaude panelaren ondoan, jakin-mina duenak irakurri ahal izateko.

Gaiaren inguruko ikuspegi zabalagoa jaso nahi izanez gero, bisita gidatuetan parte hartzeko aukera dago astelehen, ostegun eta ostiraletan. Ez da, nolanahi ere, betiko bisita eredua izango. Hotz-hotzean datuak eta liburuen tituluak eman beharrean, bitxikeriek hartuko dute indarra. «Haurrengan pentsatuta, batez ere, bisita dinamizatuak izango dira. Antzerki modura ipuin bat kontatuko da, eta aktore mozorrotu bat egongo da».Nahiz eta gehienbat haurrak eta emakumeen elkarteak joaten zaizkien, edonorentzat irekita daudela gogoratu nahi izan du Mediatekako erabiltzaileentzako arduradunak. Erreserbak egiteko (0034) 944- 47 78 11 telefonora deitu behar da.

Bestelako ekimenak

Erakusketaz gain, Emakumeen Egunaren inguruan ekimen gehiago izango dira Bilboko Alondegian. Erakusketaren solairu berean, hirugarrenean, irakurri istorioak izeneko saila irekiko dute etzi. Bizkaiko Emakumeen Batzarrak utzitako liburu bilduma mardula egongo da bertan eskuragarri. 1.200 liburu guztira. Honako idazle hauen testuekin gozatu ahal izango da: Marguerita Duras, Toni Morrison, Carmen Martin Gaite, Rosa Montero, Toti Martinez de Lezea, Itxaro Borda edota Arantza Urretabizkaia, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.