ATZEKOZ AURRERA. Chantal Lewis-Brown. Vodun taldeko abeslaria

«Emakumeek duten garrantziaz hitz egiten dute kantu guztiek»

Vodunen kontzertu bakoitza «ospakizun bat» izatea nahi dute Lewis-Brownek eta taldekideek. Beren generoko ohiko bandetatik aldentzen dira, eta oso presente dute bizitzaren alde espirituala.

Chantal Lewis-Brown, erdian, Linz Eel eta Zel Kaute taldekideekin. BERRIA.
Maite Alustiza.
2017ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Zel Kaute, Linz Eel eta Chantal Lewis-Brown (Paris, 1983) dira Vodun. Taldeak Londresen ditu erroak, eta 1970eko hamarkadako rocka soularekin eta elementu afrikarrekin uztartzen ditu. Euskal Herrian izan dira, lehenengoz; Donostiako Dabadaba aretoan jo zuten, larunbatean.

Afrika mendebaldeko erlijio baten izena darama zuen taldeak. Zer esanahi dauka zuentzat?

Bandaren hasierako kontzeptuak eraman gintuen Voduna eta posesioaren fenomenoa ikertzera. Dagoeneko idazten hasiak ginen animismoari eta totemismoari buruz, bizitzaren alde espiritualetan sakontzen, gizaki bezala kontsumismotik aldenduz. Liluragarria izan zen Vodunaren ikerketan sakontzea eta mundutik nola mugitu den ikustea. Kolonialismoaren eta esklabotzaren bidez erradikalizatzen saiatu diren arren, lortu du bizirik irautea. Nire herentziaren parte bat da. Arimarentzat baltsamo bat da Vodunarekin harremana duten gauzei egotzi zaizkion konnotazio negatiboak uxatzen laguntzea; modu okerrean egotzi zaizkio. Erlijio positibo bat da.

Nolatan otu zitzaizuen 1970eko rocka elementu afrikarrekin nahastea?

Zel [bateria-jotzailea] danbor afrikarren erritmoak ikasten aritu zen; beraz, modu naturalean, rocka afro-erritmo batzuekin elkartzeko norabidea hartu genuen; afro-erritmoak eta gure musikan egokitu zitekeela ikusten genuen ia edozer gauza.

Oholtzan, Oya, Marassa eta Ogun zarete. Zergatik aukeraketa hori?

Vodun kulturako izenak dira: Afrika mendebaldekoak, Haitikoak eta Hego Amerikakoak. Gure emanaldietan, espiritu horietako bakoitzaren ezaugarriak kanalizatu nahi ditugu. Oya, adibidez, aldaketa eta suntsipen zurrunbilo batean dabilen indar bat da, eta hori adierazten ahalegintzen naiz ni. Marassa bikien espiritua da; bi erdi, dibertigarria bezain gaiztoa. Hori da gure gitarrista Linzek hezurmamitzen duena, gitarraren doinu argi eta astunekin. Eta Ogun sutan sortu zen; gerlari bat da. Oso aproposa da Zelentzat. Indar bortitz bat da, eta, batzuetan, sua erabiltzen du emanaldietan.

Zure ahots berezia Aretha Franklinenarekin konparatu dute batzuek. Zuk non kokatzen duzu zeure burua?

Soul ahots ahaltsu bat daukat, eta rock indartsuaren eta bluesaren kontrasteek puntu ezberdin batera eramaten dute. Nire ibilbidean, lagun eta banda askorekin lan egiteko plazera izan dut, genero ezberdinetakoak eta izaera eklektikokoak. Zel eta biok Invasion taldean aritu ginen; banda hura Vodunen beste haragitze bat zen. Riff sinpleagoak zituen, baina indartsua zen berdin-berdin. Doom-Disko orkestra batean ere abestu dut, Chrome Hoof izenekoan. Nire lehen taldea, ordea, Do Me Bad Things izan zen, eta, hor, jazza, rocka eta popa nahasten genituen.

Zuzeneko indartsua duzue: janzkera berezia, sua... Zer transmititzeko?

Vodun ospakizun bat izatea nahi dugu; horregatik, ez gara beltzez janzten, nahiz eta gure musika kamiseta beltzekin eta pertsona ilunekin lotzen den. Hirutik bi emakumeak gara, bata kolorekoa, eta denek kolore oso argiak daramatzagu. Sua erabiltzen dugu gure erritualari bukaera emateko. Jendeak entretenigarria ikusten du, eta, beraz, pozik gaude hala eginda.

Bira honetan zuen azken diskoa aurkezten ari zarete. Voduna, totemismoa, feminismoa... Zer daPossession?

Ideal horiek transmititzen eta sustatzen ditugu, hain justu. Bandaren izaerak ideiok bultzatzen ditu, taldean gizonezko baino emakume gehiago edukita eta abeslari nagusia beltza izanda. Ohiko rock banda batean aurki dezakezunaren kontra doaz biak. Vodunean emakumeek duten garrantziaz hitz egiten dute kantu guztiek, eta, oro har, gure gizartean duten garrantziaz. Bizirik dagoen lurra errespetatzeaz ere hitz egiten dugu, baita norberaren gorengo izatea aurkitzeaz ere.

Besteak beste, Turbowolf taldearekin elkarlanean zabiltza, ezta?

Turbowolfekin aritzea ezin hobea izan da. Lagun onak dira, eta, Zel eta biok Invasion taldean geundenean, elkarrekin jo genuen askotan. Haien Two hands diskoan, Solid Gold eta Rich Gift kantatu nituen, eta hor ezagutu genuen Tom Dalgety ekoizlea. Berriki, haien hurrengo diskoko kanta askotarako ahotsa grabatu dut, eta, gure hurrengo diskoan, kolaboratzen izango ditugu; ezin zen bestela izan.

Bueltatuko zarete Euskal Herrira?

Hau arrakastatsua bada, asko gustatuko litzaiguke hurrengo urtean beste bira bat egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.