Maratila

Emakumetuegia

Ane Muñoz.
2011ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Astebete daramat batek aurrekoan esan zidanari bueltaka. Zutabe honetan idazten ditudanak lehen gusturago irakurtzen omen zituen. Ez zidan ilusiorik egin, egia esanda, baina are ezerosoago sentitu nintzen zergatia azaldu zidanean. Haren ustetan, nire azkenaldiko zutabeak «emakumezkoegiak» bihurtu omen dira, eta nire testuetan «emakumizatuegia» edo halako zerbait nagoela sumatzen dela dio. Jo eta poto utzi ninduen. Zer esan nahi ote zuen, baina? Txantxetan ariko al zen, eta nik, tuntun honek, txorakeria hura serio hartu? Eta hala balitz ere, posible al da idatzi baten edukiaren maila txikiagoa izatea «emakumetua» izanagatik? Non dago horren alde txarra? «Emakumeez gehiegi hitz egiten dudala?». Ez omen da hori. «Orduan?». Geroxeago argituko zidala esan zidan, baina ez genuen gero hitz egiteko betarik izan.

Etxerakoan, azken asteetan idatzitakoak irakurtzen jardun nintzen. Berrirakurri ere egin nituen, eta ziur naiz Anek sinatu ordez Antoniok sinatu izan balitu ez liratekeela hain ezberdinak izango. Ar nahiz eme, sortzea nortasun kontua besterik ez baita, nire ustez. Langabezia eta garai latzak, kapota armairutzat erabiltzea, Hierrokoen joan-etorriak… Jope, ez naiz tipo hark esan nahi izan zidana asmatzeko gai.

Gaur, berriz, zer idatzi eta nola idatzi ez dakidala nabil. Zera, «emakumezkoegia?». Ze demontre esan nahi du horrek? Argi daukat esaldi hauen atzean dagoena emakumea dela. Bestalde, ez dut uste idazterakoan espreski emakume moduan egiten dudanik, pertsona moduan baizik, eta nireak atsegin ez dituenak beste arrazoiren bat emango balit, eskertuko nioke, bihotzez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.