Emaztearen itxura berria

Foruen Monumentua zaharberritzeko lanak bukatu dira, eta estatuaren itxura berritua geratu da; halere, udalak dio ez duela zentzurik hainbatetan eskatu den inaugurazioak.

Iruñea
2011ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Nafarroako Jauregiari bizkarra emanez, Iruñeko Sarasate pasealekuan dagoen Foruen Monumentua garbitzeko eta berritzeko lanak bukatu dira. Foruen defentsan 1903an altxatutako estatua belztua zegoen hiriko eguraldi hezeagatik, hegaztien gorozkiengatik eta autoen kearen kutsaduragatik. Sekula inauguratu gabea, lanen bukaera aitzakia aproposa litzateke horretarako. Halere, udalak dio egun ez lukeela zentzurik.

Foruen Monumentua zaharberritzeko lanek bi hilabete iraun dute. Ignacio Polo Hiri Zaintzako zinegotziari galdeturik, uste baino lan zailagoa izan da. «Monumentua egoera tamalgarrian zegoen». Moldatze eta garbitze lanak hiru epetan burutu ditu La Catedral CSP enpresak. Lehen epean garbiketa orokorra egin zioten. Bost metroko garaiera eta 5.000 kiloko pisua duen brontzezko estatuari zein estatua eusten duen pentagono formako harriari likenak eta goroldioa garbitu zizkioten, pintura orbanak eta hegaztien gorozkiak kendu eta pitzaduretako zikinkeriak ezabatzeraino. Bigarren epean, brontzezko estatuari herdoilaren aurkako tratamendua eman diote eta harrizko egitura egonkortu dute. Azken ekinaldian, berriz, pitzadurak bete eta itxi dituzte, eta kutsadurak eta eguraldi hezeak higatutako bolumenak berreskuratu. Emilio Olorizek behealdeko harrian paraturiko bost testuak ere —hiru gazteleraz eta bi euskaraz—garbitu dituzte. Lanak, aurreikusi bezala, 40.000 euro kosta ei dira.

Rosa Oteiza: emakume ahaztua

German Gamazo Espainiako Ogasun ministroak Nafarroako zerga arauak aldatzeko 1893an hartutako erabakiaren aurka altxatu zuten Foruen Monumentua. Manuel Martinez Ubago arkitekto iruindarrak diseinatutako lana herritarren artean egindako diru bilketari esker ordaindu zen, eta 200.000 pezeta (1.200 euro) inguru kosta zen. Baina ustez, nafarren bihotza inarrosten duten lege sakratuak—foruak— eskuan dituen anderea ongietorria eman gabe utzi zuten. Orain, 107 urte pasatu ondoren eta itxura berrituarekin, berdin utzi nahi dute agintariek, inauguratu gabe. «Monumentuaren historia ezaguna da,eta orain inaugurazio ekitaldia egiteak ez luke zentzurik», dio Polok.

Ongietorriak gorabehera, monumentuaren zergatia bezain interesgarria da Ubago arkitektoak emakumea irudikatzeko erabili zuen eredua. Rosa Oteiza Armona izan zen, arkitektoaren amorantea. Besteak beste, Latxistorradigital.com webguneak ateratako informazioari esker eta Lara Ubago Oteizaren birbilobak esandakoei esker, emakumearen historia ezkutuaz zerbait gehiago jakin ahal izan da. Ubagorekin hiru seme izan zituen, eta, haren abizena eman zien arren, arkitektoak ez zuen emakumearekin ezkondu nahi izan, txiroa zelako. 1883an Iruñeko San Anton kalean jaioa, XX. mende hasierako ama ezkongabea izan zen Oteiza. Garaiko gizartearen aurreiritzien aurka borrokatzeaz gain, bere haurrei uko egin behar izan zien eta bakardadean hil zen. Berritze lanei esker, aurrerantzean, foruen emazteak toki bat izanen du Euskal Herriko historian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.