Nekagarria da nekazari bizitza. Manuel Iturriozek kontatzen digu bere autobiografian: goizeko lauretan jaiki, gaueko hamaiketan oheratu eta hamabostean behin igande arratsalde bat libre. Tartean, garaian garaikoa, baina behiak jetzi, gaztaina jaso, iratzea moztu, belarrari segaldia eman, lurrari buelta, egurra txikitu, ardiak erditzen lagundu, arkumeak saldu eta abar. Eta nekagarria da nekazari bizitza, gogorra, alde afektibotik. Jean Etxepare mintzo da oraingoan: «Nihau, behin ikusirik nago, bortuan, biarnes bat lau zangotako astaña bati lotua». Noski, horiek XX. mende hasieran esan zizkiguten Iturriozek eta Etxeparek. Orain desberdina da kontua.
Orain, behintzat, Granjero busca esposa saiora joan daitezke. Ezagutuko duzue: hainbat hautagairen artean emazte izan daitekeena aukeratzen dute hainbat nekazari mutilzaharrek. Neska bakarra aurkeztu dute orain arteko edizioetan, Mendatakoa, baina saioa pentsatu dutenei gaizki atera zitzaien jokaldia. Barka, oso ondo atera zitzaien: ez bere hautagaiekin, beste lehiakide batekin maitemindu zen gure nekazarisa (eta beste lehiakidea berarekin, zorionez).
Gaur emango dute bigarren saioa, joan den asteazkenean lehen saioa prometagarria izan eta gero. Inoizko ediziorik beroena omen dator: batek aurrean jartzen zaion guztia musukatu baino ez zuen nahi; beste batek denak eramango lituzke, kamioian sartu, eta etxera; beste batek emazte baten titiak ukitzea lortu zuen, errapeak bailiran. Pena bakarra daukat: Fermin, Gandurotzeko ermitaua, behar besteko eskutitzik jaso ez eta, ondorioz, ez zela saioan sartu. Dena den, lasai, neska-mutilak, badugu gure ordezkari nazionala: Gustavo, Cabanillasko morroia (susmoa daukat, ordea, Luistxo Fernandezek proposaturiko Euskal Herriko mapa kantonaletik kanpo geratuko litzatekeela). Zer nahi duzue esatea, nik barre egin nuen lehen saioarekin; gure herrian esango lukete pixina bukatu nuela. Ez dakit nekazariekin edo nekazariez. Eta ez zait gustatzen jende apal, koitadu, ezezagunaren lepotik barre egitea. Uste dut tiroa, botatzekotan, gorago bota behar dela. Baina honezkero jakingo dute zertara doazen gisa horretako saio batera, ezta? Sartzen dira, egiten dute papera, ahal dela haragi pixka bat ukitu, eta buelta. Askoz gehiago ez. Edo bai, eta emazte horien fabore atera beharko ginateke hemen?
Komunikazioa. Ekografiak
Emazteen fabore
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu