Sodupera (Bizkaia) hurbiltzen diren mendizale gehienek Eretza edo Gallarraga mendiak izaten dituzte jomuga. Guk, ordea, erraldoi horiei bizkarra eman, eta mendi apalago bati edozein urtarotan gozagarria izango zaigun bira emango diogu: Luxar mendiari. Gaur proposaturiko txangoan oso lagun gutxi ikusiko dugu, arestian aipaturiko arrazoiarengatik. Estualdirik gabeko ibilaldia dugu berau, kilometro gehienetan basabideak zapalduko baititugu.
Sodupeko tren geltokian abiatuko gara. Zubia zeharkatutakoan, eskumara joko dugu (IE). Gasolindegia atzean utzi, eta aparkalekua igarotzeaz bat, ezkerrera egingo dugu (M), goranzko errepidetxoa bidaide. Aldats pikoak lehenbiziko izerdi tantak irtenaraziko dizkigu, eta, bidea bustia egonez gero, arretaz ibili beharko dugu. Pista nagusitik uneoro, hasi eta berrogei bat minutuan Lexartza auzora iritsiko gara. Ezin txikiagoa izanda ere, San Bartolome baselizak geldialditxoa merezi du.
Bideari jarraituko diogu, eskuinean eta tarteka Eretza bistan azalduko zaigula. Hogei minuturen bueltan, elkargunean, ezkerrera egingo dugu (H), Taramona eta Goikouria auzoak adierazten dituen bide-seinaleari men (H). Eskuineko bideari ekingo diogu bigarrenean, zortzi bat minutura (IM), gero bueltatuko garen bide nagusia alboratuz. Pasabidea zeharkatu, eta behin belartzan, ezkerreko uraskarantz joko dugu. Belardian zuzen igotzea badaukagu ere (HM), eskuinerantz doan aldaiarekin bat egingo dugu (M), burdin-hesiak bidea oztopatzen digun arte. Zeharkatu barik, gorantz segituko dugu (H). Noranzkoari eutsiz, behin goiko aldean,eskuinera joango gara (M), pista leunean. Berehala helduko gara lepotxora, non ezkerretik jarraituko dugun. Hemendik eta tontorreraino, bidezidorra lagun, arazorik gabe helduko gara.
Luxar gainetik (542 metro, erpin geodesikoa eta buzoia), oso ohikoa ez den panoramika ikustatuko dugu, eta Grumerango tontorrak eta Larrea mendia nabarmenduko dira. Etorritako bide beretik beheratuko gara, adi, ezustekorik hartuko ez badugu, basa nahiko labaingarri egon ohi baita. Hogei bat minutu eskatuko digu lehengo pistara itzultzeak, eta beste bost beharko ditugu, behin pistan eta eskuinerantz (H), Taramona auzoan izateko. Azken etxea igaro eta minutu bira, ezkerreko bide lauari ez diogu kasurik egingo, zuzen joko dugu (HHM). Segituan hasiko gara jaisten, pista gozoan betiere. Hurrengo elkargunean berdin egingo dugu, beherantz eta eskuinetik (HM), ezkerreko goranzko pista baztertuz. Bide nagusia ez dugu alboratuko Taramonatik hogei bat minutuan bihurgune itxira iristen garen arte. Eskumatik segi (IM), beherantz, eta 300 metro aurrerago ezkerrari ekingo diogu (HE); ordu laurden batean eta hormigoia zapalduz, Goikouria auzora agertuko gara. Herria utzi, eta, asfaltoa lagun, hogei minuturen buruan gorabeherarik ezean, Sodupen izango gara.
Mendi ibilaldia
Enkarterriko xumea
Fitxa teknikoa
- Herrialdea: Bizkaia
- Zailtasuna: Erraza
- Tontor eta leku izenak: Sodupe, Lexartza, Luxar, Taramona, Goikouria
- Distantzia: 12 km.
- Iraupena: 3 ordu.
- Ingurunea: Inguruko Eretza edo Gallarragaren aldean, mendizale gutxi joaten da Luxar mendira. Lasaitasuna nahi duenarentzat jomuga aproposa da.
- Estekak: Ibilbidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu