Adimen emozionala. Jon Berastegi

Enpatia Eguberrietan

2010eko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Udazkena bukatu da, eta, neguarekin batera, eguberrietan gara. Munduaren egunerokotasunean bizi diren egoera sozialei arreta gehiago ematen diegu egunotan. Besteenganako sentibera izate horrek gure enpatia gehitzea dakar, eta baita lotura emozional bat ezartzeko probabilitatea ere.

Enpatiak konpromiso emozional bat eskatzen du, beste pertsona baten barruko mundua ulertzeko baldintza ezinbestekoa. Prozesu horretan, ispilu neuronek enpatiaren aberastasuna ematen digute. Ispilu neuronek, beste pertsona batek mina duenean, ikusten ari garen min hori esperimentatzera garaman funtsezko mekanismoa sustatzen dute.

Gaur egungo psikologiak enpatia hitza hiru zentzutan erabiltzen du: beste pertsona baten sentimenduak ezagutzea, beste pertsona baten sentimendu berdina sentitzea eta pertsona horren arazoei errukiz erantzutea. Enpatia, beste pertsonaren emozioak ezagutzean, emozio berdina sentitzean eta laguntza ekintza bat sustatzean datza.

Gaur egungo neurozientziak erakutsi du, enpatia garatzeko, gizakiaren burmuinak mekanismo biologiko bat duela. Mekanismo horri esker, pertsona bat estualdian ikusten dugunean, gure burmuinean zirkuitu neuronal antzekoak islatzen dira. Prozesu mental horrek gupidaren eta altruismoaren ataria osatzen du.

Modu batean edo bestean, gure garuna ontasunerantz aurrez prestatua dago. Garrasi egiten duen haurra laguntzera joaten gara edo irribarretsu dagoen haurtxoa besarkatzen dugu. Emozio bultzada horiek bat-bateko erreakzioak eragiten dituzte, ez daude aurrez pentsatuta.

Gure garunak beste pertsona batek esperimentatzen duen arazoekin bat egiteko sistema bat baldin badu, zergatik ez dugu beti horrela jokatzen? Erantzun posible asko daude, baina bat ondokoa izan daiteke: abiadura handian bizi garela, eta urrutitik erlazionatzen garela beharra duten pertsonekin. Hori dela eta, kutsatze emozional zuzena eta berehalakoa ez dugu esperimentatzen. Sinpatia kognitiboan soilik edo, oraindik okerrago, sinpatian soilik gera gaitezke. Pertsonarekiko lastima sentitzen dugu, baina haren sosegurik eza ez dugu esperimentatzen, laguntzeko berezko bultzada ahulduz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.