Gibeleratekoan, ordea, itsasoa zakartu zen. 17:00ak ziren, eta ontziko komandanteak erabaki zuen Donibane Lohizuneko portura buruz abiatzea, bidaiariak han uzteko, zer gerta ere. Portura sartu gabe, 19:00etan, ontziko komandanteak aingura bota eta bidaiariak hiru baleontzitan bidali zituen, porturaino iristeko. Pierre Larretxe Ziburuko arrantzaleak haietariko batean eraman zuen Eugenie enperatriza.
Itsasoa bare zegoen, baina erabat ilundua zuen. Pierre Larretxek gidatzen zuen ontzia ez zen iritsi porturaino, hala ere. Nahiz eta kai-muturrak zuriz margotuak izan eta lagun andana batek tortxak pizturik zeuzkan kai-muturren gainetan. Pierre Larretxe ohartu zen ontzia ez zihoala bide zuzenetik, eta ur azpian zeuden arroken kontra talka eginen zuela. Ontziak talka egin zuenean, Larretxe ontziaren aitzineko zatian zegoen, eta kolpeak bete-betean harrapatu zuen.
ARRANTZALEAREN ALARGUNA. Ontzian zeuden beste gizonek ura izterretaraino zeukaten. Eugenie enperatriza besoetan hartu eta hondartzaraino eraman zuten. Ez ziren, ordea, kezkatu Larretxe arrantzalearen egoeraz. Oren baten buruan aurkitu zuten haren gorpua, ur azpian.
Napoleon eta Eugenie Larretxeren alargunari bisita egitera joan zitzaizkion, handik landa. Senarrak ekartzen zuen dirua etxera. Sei haur zituzten hazteko. «Zu eta zure haurrak zainduko zaituztet», erran zion Napoleonek.
Napoleonen emazteari gertatu behar ote zitzaion abentura hura, Ziburuko portuko zokoan itsasargi bat eraikitzeko? Lehenago ere, obra batzuk Napoleonek bertan ukan gorabehera batzuen ondorioz egin zituzten. 1859an Donibane Lohizunetik Zokoara joan zen batel batean. Baina itsasoa gehiegi zakartu zen, eta ezin izan zen Donibane Lohizunera ontziz itzuli. Oinez joan zen Donibane Lohizuneraino, bidexka malkartsutik. Horren ondotik, Napoleonek Ziburuko Udalari laguntzak eman zizkion, eta bidea eta portua hobetu ahal izan zituzten.
Itxura guztien arabera, Eugenie enperatrizaren gertakari haren ondorioz erabaki zuten argi bat ezartzea Ziburun, lehenago ere naufrago anitz jasanak baitziren bertako arrantzaleak. Hiru urte berantago, 1870ean argi finko bat ezarri zuten, behin-behineko zurezko aldamio baten gainean, zortzi metroko goratasunean. Bi urte berantago, harrizko dorre batean ezarri zuten argi hura, kolore berdekoa, 14 metroko goratasunean.
Donibane Lohizune eta Ziburuko porturako sarbidea zaila da. Urak ez dira batere sakonak eta itsasontzientzako artea franko estua da. Paisaia hori maiz zulatu izan dute. Ontziak gidatu ahal izateko, portu inguruan zehar hainbat argi daude. GPSak ere ez du balio ontziak gidatzeko. Pasaia hertsi hartan, portuko argiak baizik ez dira lagungarri.
PAVLOSKYREN DORREAK. Baina argia ez zen aski urrun ikusten. 1936an dorrea goratu zuten. Andre Pavlosky arkitektoak eraiki zuen dorre berria, eta gaur egun Ziburuko sarreran ikusten den dorrea ordukoa da. Dorre haren bikia Donibane Lohizunen dago, Urdazuri ibaiaren bukaeran dagoen dikearen puntan. Ziburukoak argi berdea du, eta paretan marra gorria. Donibane Lohizunekoak argi gorria du, eta paretan marra berdea.
Ziburuko ondarearen parte da eraikin hori. Ez du beste faroen argi ikusgarria. Ez da itzulikatzen den izpi bat. Baina eraikinari balioa ematen diote, bai arkitektura aldetik, bai historia aldetik, baita artista askoren inspirazio iturria delako ere. Dorrearen azpialdean gehitu zitzaion gela bat kenduko dute laster, oinezkoentzako pasealeku bat bertatik pasatzeko, eta dorrearen arkitektura ikusi ahal izateko. Ondare historikoan sailkatua da dorrea.
Ez da inor bizi gaur egun. Duela hogei urte arte, ordea, farozainak han egoten ziren. Lur azpiko solairuan arropak garbitzeko aska dago oraindik ere. Lehen solairuan sukaldea, bigarrenean logela bat eta komuna, hirugarrenean beste logela bat... Dorrearen puntan dago argia. Lanpara txiki-txikia da. Baina Augustin Fresnelek asmatu lente optikoari esker, argia 21 miliaraino (33,8 km) ikus daiteke. Argiak ez du berezkoa kolore berde hori. Leihoko beira da berdea.
Farozainen lana arrats guztiz argia piztea eta zaintzea zen. Gau osoa pasatu behar zuten su hura zaintzen. Txandak antolatzen zituzten. Gasezko lanpara batekin argitzen zuten lehen. Gero, argindarra sartu zen. Eta orain dena automatizatua da. Argi kaptatzaile batek ematen du argia pizteko edo itzaltzeko agindua. Aro txarrarekin zerua behar baino goizago iluntzen denean ere, argia bakarrik pizten da.
Baina orain, argi hori arrantzaleentzat baino baliagarriago da kirol portuaren erabiltzaileentzat, garaiak aldatu diren seinale. Azken farozainekin batera, arrantzale anitzek utzi zuten beren ofizioa, itsasotik arraina desagertu ahala.
FITxa
Faroa: Ziburuko lerrokatze argia.Herria: Ziburu.
Koordenadak: 43&fraq14;23'3Ó, -1&fraq14;39'58Ó.
Argi mota: Berdea.
Argi irismena: 21 milia (33,8 km).
Eraikitze urtea: 1870.
Bisitak: Ez da bisitatzen.
FresneLen LenTe oPTIKoa
Itsasargiek anitz zor diote Augustin Fresnel frantses fisikariari (1788-1827). Hark asmatu zuen lente optikoa erabiltzen da itsasargi guztietan. Ziburuko itsasargiak duen lentea franko txikia eta sinplea da. Miarritzekoa anitzez handiagoa da.Lente arrunt batekin baino anitzez tarte txikiagoa aski da, argia distantzia biziki handian zabaltzeko. Lente arrunt batean baino anitzez beira gutxiago erabiltzen da.
Lente txiki zatiak modu zirkularrean ezarriak dira bat bestearen ondoan, bien artetik airea pasatzen dela. Horrela, lanpara txikia biziki handi bihurtzen da Miarritzekoan, adibidez.
Zokoatik Hendaiara
e. bidegainBerez, Ziburuko itsasargia ez da faroa. Portura sartzen laguntzeko argi lerrokatu horietariko bat baizik ez da. Donibane Lohizune eta Ziburuko portuetan horrelako franko bada, sarbide zaila dutelako. Faro bat badago Ziburuko horretatik ez oso urrun. Zehazkiago, Zokoan, Urruñako lurretan. Itsasargi hura Euskal Herriko zaharrenetarikoa da. 1823an eraiki zuten, Ziburuko arrantzaleek aurkeztu eskaera bati erantzunez. Hastapenean argi zuri finkoa zuen. Baina 1936tik hona izpi bat botatzen du; hamabi segundotik behin argi gorriak eta zuriak botatzen ditu, orotara hiru.
Bide batez, ibilaldi polita egin daiteke Zokoako inguruetan, eta Zokoako gazteluan gaindi eta hango dikeetan ibili. Itsasoak gogor jotzen du zatar dagoenean, neguan bereziki. Uhinen zalapartak ikusgarriak dira.
Handik Hendaia aldera ere ibilbide ederra egin daiteke, itsaslabarren gainetik. Pentze berdeak eta oihanak alde batean, itsaso urdina eta geologikoki interes handia duten itsaslabar eta harkaitzak bestean, bada zer ikus Abadiako gaztelura eta eremura iritsi arte. Abadia naturgune lasai, eder eta aberatsa da. Handik, besteak beste, Higerreko faroa ikus daiteke, Hondarribian.