Behobia-Donostia maratoi erdia da, eta, gainera, bi aldapa ditu; ez da txorakeria». Iñaki Arratibel (Tolosa, 1958) kirol medikuak argi du Behobia-Donostia korritzea ez dela txantxa, ezinbestekoa dela prestakuntza egoki bat egitea lasterketan atera aurretik. Tolosan duen bulegoan, bezeroei aholkuak eman, azterketa medikoak egin eta entrenamendua prestatzen die.
1. Elikadura
Bi fase daude. Prestakuntza fasean helburua soberan dauden kiloak kentzea da. Horretarako, estra guztiak kendu behar ditu kirolariak: edariak, gehiegi jatea, gantza... Horrelako lasterketetan gehienbat giharretan dagoen glukosa erabiltzen dugu; beraz, kargatuta behar ditugu. Glukosa hori gastatu ondoren betetzea da egokiena. Hau da, entrenatu ondoren jatea. Erdi baraurik entrenatzea aholkatzen du Arratibelek, helburu nagusia ez delako errendimendua, gantzak erretzea baizik. Karbohidratoz eskas joanda, errazago erretzen dira.
Lasterketa aurreko bi-hiru asteetan, indartuta egotea da garrantzitsuena. Karbohidratoak jaten hasi behar du korrikalariak: pasta, arroza, patata egosiak... Hurrengo entrenamenduetarako eta lasterketarako indarberrituta egun behar dute. Gasolina hori ondo edukitzeko, karbohidrato asko jan behar da. Lehen bezala, komeni da entrenamendua amaitu ondoren jatea, gehiago berreskuratzen delako.
2. Entrenamendua
Entrenamendua ere bi fasetan bereizi behar da. Aurrenekoan, norberak jakin behar du zein erritmotan entrenatu, ahalmen aerobikoa, iraupenekoa, intentsitate moderatu batean hobetzeko. Kilometraje apur bat egin behar da, ordubetetik gorako saioak egiten hasita. Astean behin edo bitan serie batzuk egiten hasi beharko litzateke. 1.000-1.500 kilometro inguruko serieak egiten hastea gomendatzen du, bizpahiru serie. Gero, serie kopurua luzatzen joan behar da, faseen arteko berreskuratze denbora murriztuz.
Ondo ulertu behar da entrenatzen eta atseden hartzen hobetzen dela, biekin. Astebeteko zikloak egiten badira, entrenamendu luze bat egin ondorengo egunetan atseden hartu behar da. Behobia-Donostia baino bizpahiru aste lehenago hemezortzi bat kilometro segidan egitea gomendagarria litzateke. Kilometroak igotzen joan behar da: orain zazpi-zortzi bada, hemendik bi astera hamar, gero hamabi...
3. Azterketa medikoak
Bihotzeko edo beste motaren bateko gaixotasuna dutenak ezin dira atera. Ahalmen baxuegia dutenak ere ez. Adibidez, pertsona bat orain oso gaizki badago entrenamenduetan, ez luke atera behar. Iaz gertatu zena ikusita—hainbat korrikalarik ospitalean amaitu zuten—, jende askok sendagilearengana joan beharko lukeela uste du. Pertsona batek aspaldi ez badu odol analisirik egin, azterketa bat egitea gomendagarria da, burdina eta globulu gorriak nola dituen ikusteko. Batez ere, emakumeen kasuan; hilekoa dela eta, odola galtzeko arrisku handiagoa daukate, eta horrekin, anemia izatekoa.
Entrenatzeko gomendioak
Prestakuntza da Behobia-Donostia ondo korritzeko gakoetako bat. Iñaki Arratibel kirol sendagileak lasterketa aurreko aholkuak eman ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu