Entzuleak, kantari lanetan

Urte luzeetan ibili da Kuxkuxtu txaranga Euskal Herriko kaleak girotzen. Entzuleak kantuan jartze aldera, liburuxka bat banatzen die ikusleei.

Kuxkuxtu txarangak doinu tradizionalak eskaintzen ditu. GAIZKA IROZ.
Lander Muñagorri Garmendia.
2011ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Iparraldeko eta Hegoaldeko jai eta ospakizun guztietan ez bada, gehienetan ibilitakoa da ziurrenik Kuxkuxtu txaranga. Orain dela 30 urte sortu zen Erburu txarangaren jarraipen naturala da, eta bitarte guzti horretan hamaika herri eta auzotan ibili dira, euren musikarekin jaia alde guztietara eramanez. Txirula, flauta, gitarra eta perkusioa lagun dutela, musika tradizionaleko doinuak eskaintzen ditu Urruña eta Azkaine (Lapurdi) inguruko taldeak. Txaranga horrek badu berezitasun bat, gainera: kantua. «Jendearen parte hartzea bilatzen dugu, eta horregatik, ikusleak gurekin batera kantatzera bultzatzen ditugu», Beñat Elizondo txarangako kidearen esanetan. Horretarako, orain dela hamar urte 100 abestiren hitzak biltzen dituen liburuxka bat atera zuten, Ordiziako ikastolarekin elkarlanean. «Urtero Urruñako ikastolaren alde jai bat egiten da bi herrietan, eta jotzen genituen kantuak bildu genituen liburuxkan». Era horretan, Kuxkuxtu txarangak jotzen dituen kantuak ez kantatzeko aitzakia oro soberan utzi zuten. Hamar urte hauetan egon diren leku guztietan banatu izan dute liburuxka, eta denetara, 50.000 ale inguru banatu dituzte, Elizondok aipatu duenaren arabera.

Kalejirak, fandangoa, arin-arinak eta tankerako doinuak eramaten dituzte eurekin batera Kuxkuxtu txarangako kideek. Urte baten buruan 60 emanaldi inguru izaten dituzte, baina, beste edozein txarangak ez bezala, udatik aparte izaten dituzte emanaldi gehienak. «Aurten hogei emanaldi inguru izango ditugu udan, eta gainerako hilabeteetan 40 inguru», dio. Deialdi horietatik gehienak musu truk egiten dituzte. «Euskara, ikastola, herrigintza eta tankerako jaietan militantziagatik joaten gara, gaur egun asko falta dena», Elizondoren hitzetan.

Hegoaldeko emozioa

Urte guzti horietan Hegoaldeko eta Iparraldeko jaiak alaitzen ibili ostean, Gipuzkoa, Araba, Bizkaia eta Nafarroan jendearengana errazago iristen direla azpimarratu du Kuxkuxtu txarangako kideak. «Ematen du kanturako gose gehiago dagoela han, gurean oraindik kantua horrenbeste galdu ez denaren lekuko», dio Elizondok. Iparraldean ohikoagoa da txaranga batek ikusleen parte-hartzea bultzatzea edo kantuan jartzea, baina Hegoaldean ez horrenbeste. «Harritzen dira, eta era berean hunkitu ere egiten dira. Oroitzen dut, esaterako, Donostian jo genuen batean nola jendeak negar eta guzti egin zuen». Udan zehar halako emozio gehiago ere sortuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.