«Erabateko berdintasuna ez da poliki lortuko, baizik eta katarsiz eta iraultzaz»

Edu Lartzanguren.
2008ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Maria Pazos (Cañamero, Espainia, 1953) Espainiako Ikasketa Fiskalen Institutuko ikerketaburua da. Hainbat lan argitaratu ditu emekumeak eta lana gaiaren inguruan, eta egun ezartzen diren politika publikoak salatu ditu. Igualdad de género y Políticas Públicas hitzaldia emango du gaur Donostian.

Genero berdintasuna ikusezina dela diozu. Zergatik?

Ohitura normaltasunarekin nahasten dugu. Desberdinak gara oraindik, baina hori ez ikusteko joera dugu, horrela hezi gaituztelako. Parekatzeko besterik ez dugunez, dagoena normala iruditzen zaigu. Estatistikak ditugunean, ordea, normaltasun hori zalantzan jartzen has gaitezke, desberdintasuna ikusten. Etxekoandreen lana ez da kontuan hartu ekonomia aztertzean. Emakumeak lan merkatuan sartu direnean hasi da ikusten. Genero indarkeria gehien duten gizarteetan ikusten da hura gutxien; esaterako, orain Marokon edo duela hogei urte Espainian. Orain arazoa dela ematen du, ez gehiago dagoelako, baizik eta argitara atera delako. Egungo gizarte eredua oso txarra da emakumeentzat, independentzia ukatzen dielako.

Hainbat politika publikok desberdintasuna sortzen dutela diozu. Zeintzuek?

Errenta aitorpen baterakoak, esaterako. Emakumeak etxean geratzea bultzatzen du, gizonezkoei kenkaria ematen dielako emazteak lan merkatutik at geratzen bada. Aitorpen baterakoa kenduko balitz, emakumeen independentzia ekonomikoa bultzatuko litzateke. Beste adibide bat: amatasun eta aitatasun baimenen arteko aldea. Amei 16 aste eta aitei soilik 13 egun emateak desberdintasuna bultzatzen du. Hor hasitako bidea erabat finkatzen da gero eszedentzien bidez. Hor berdintasuna emanez gero, aukera izango lukete emakumeek kalitateko lanpostuetan sartzeko.

Emakumeen irudiari kalte egiten dioten ekintzak laguntzea egozten diezu administrazioei. Esaterako?

Eurovision Junior. Gogoratzen zara Antes muerta que sencilla kantaz? Bederatzi urteko haur batek abestu zuen, Espainia ordezkatzen. Kantan zera esaten zuen: aski da lan egiteaz eta ikasteaz; emakumeok margotu eta apaindu eta senargai bila atera behar dugu. Kanta hark kalte handia egin zion belaunaldi oso bati. Moda da beste adibidea: anorexia bultzatzen du, eta emakumeen menpekotasuna. Nolako moda sustatzen den zaindu behar da, eta halakoak ez sostengatu administraziotik.

Erabateko berdintasunaren aldeko aliantza feminista proposatzen duzu. Nola osatuko litzateke?

Eztabaida eta ekintza asko beharko dira. Nork bere alorrean egin beharko du lan erreformaren alde. Berdintasunaren aldeko gizonen elkarteek eginkizun handia dute. Kultur aldaketa eskatzen du horrek. Erabateko berdintasuna ez da oraindik inon lortu. Suedia dago hurbilen. Ezin da erreforma poliki-poliki egin: katarsi soziala behar da, iraultza.



Hitzaldia. 'Igualdad de género y politicas públicas', Maria Pazos. Lekua: Koldo Mitxelena Kulturunea, Donostia. Noiz: Gaur, 19:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.